ERC eta EAko ordezkariak izango dira ALEren, erabakitzeko eskubidearen alde egiten duen alderdi europearraren, presidente eta idazkari nagusi berriak, Euskal Herria eta Catalunyako errealitateak Europan zehar zabaltzeko aukerak bultzatuz

Aho-batez onartu zuen atzo Gasteizen bildu zen Eusko Alkartasunako Batzar Nagusiak ERC eta BNGrekin koalizioa eginda europar hauteskundeetan parte hartzea, EH Bildu koalizio osoarekin batera. Eusko Alkartasunak Katalunia eta Galiziako alderdiekin duen lotura indartu du erabakiak. Hamarkadak daramatzate EAk, ERCk eta BNGk elkarrekin lan egiten, bai Estatuaren esparruan baita, Europan ere, ALE barruan, Europako Aliantza Librearen barruan.
Izan ere, ALEk, Europako estatu gabeko nazioen alderdi soberanistak biltzen dituen aliantzak Jordi Solé, ERCko eurodiputatua, presidente eta EAko Nazioarteko Politikako idazkaria, Lorena Lopez de Lacalle, idazkari nagusi izendatu eta astebetera dator koalizioaren onarpena. Europar hauteskundeak prestatzea izango da Solé eta López de Lacalleren lan nagusia: “Modu kritikoan defendatzen du ALEk egungo europar proiektua, EBak sakoneko aldaketa behar duela ohartaraztea da gure lehentasunetako bat”, esan du López de Lacallek.
ALEk eta bere alderdikideek europar hauteskundeetarako prestatzen ari den programak bi oinarri ditu: Herrien erabakitzeko eskubideen defentsa, gutxiengo, erregio autonomo eta Estatu gabeko nazioei ahotsa emanda, eta europar jendartearen eskubide politiko eta sozialen defentsa sutsua. ALEren ustez, gogoratu du idazkari nagusi berriak, “europar jendartearen bizitza kalitatea, garapena eta gizarte justizia dira burujabetza eskubidearen oinarria. Gizarte arloari lehentasuna eman behar dio EBk, dituen erronkei erantzun nahi badie”.
Hauteskunde programaren barruan garrantzia izango dute ere honako esparruak: ingurumenaren defentsarako neurriak, trantsizio ekologikoan indarra eginez; hizkuntza aniztasunaren defentsa; gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egiteko politika feministak; batez ere gazteei begirako enplegu politikak, eta gizarte justizia, migratzaileen eskubideak azpimarratuz.