“Aspaldi utzi zion autodeterminazio eskubideak estatu barruko auzia izateari”

Bruselari Europan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko esparrua ezartzeko lanean ari da Europako Aliantza Librea. Europar Batasuneko estatu gabeko nazioetako alderdi subiranista eta erregionalistak biltzen ditu EALk eta Eusko Alkartasunak bertan parte hartzen du. Lorena Lopez de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkari eta EALko presidenteak azaldu duenez, “autodeterminazio eskubideak aspaldi utzi zion estatu bateko edo besteko barne-arazoa izateari, eta hainbat nazio eta estatuei eragiten dien Europa mailako gaia da”.

Lorena Lopez de Lacallek EALko esparru guztiak bildu dituen bileran parte hartzen ari da egunotan: alderdi politikoa, Europako Parlamentuko talde politikoa eta eskualdeko batzordeko taldea. Bilera Bastian (Korsika) egiten ari dira, Gilles Simeoni, presidentea, anfitrioi dela eta Oriol Junqueras, ERCko presidentea, ere bertan dela.

EALren konklabeak epe laburrerako lan-lehentasunak ezarriko ditu. Autodeterminazio eskubidea horietako bat da, “independentzia lortzeko, autogobernu maila handiagoa lortzeko edo estatus juridiko-politikoa aldatzeko herritarren borondate politiko argia dagoen momentuetan, estatuek hitz egiteari eta herritarrei entzuteari uko egiten dioten” kasuei irtenbidea emateko esparrua ezarriz. Estatuek herritarren gehiengoaren borondatearen garapenari betoa jartzen diotenean, EBk esku hartu behar izatea da EALren proposamena, negoziazio-esparrua ezarriz.

EALrentzat lehentasunak dira ere bidezkoa den trantsizio ekologikoa, desberdintasunen aurkako borroka zentzurik zabalenean, EBra iritsiko den migrazioari erantzun humanitarioa ematea eta erabakiak hartzerakoan emakumeen eta gazteen presentzia bultzatzea.

López de Lacalleren ustez, autodeterminazio eskubidea da proposamenen oinarria; izan ere, autodeterminazioa, tokian tokiko kudeaketa, funtsezkoa da gizarteak behar dituen politikak garatzeko. EALk proposamen horietan sakontzen jarraituko du urriaren erdialdean egingo duen Batzar Nagusian. Bertan, koalizioa osatzen duten 18 estatu ezberdinetako 48 alderdiak bilduko dira eta Euskal Herria, Katalunia, Eskozia, Flandria eta Kortsikako indar subiranisten eskutik EAL sortu zeneko 40 urteurrena ospatuko da.
IMG-20210923-WA0000

IMG-20210922-WA0000