Etengabeko ikaskuntzarako Europako Eskualde eta
Toki Agintarien Elkarteak gutun bat bidaliko dio Hezkuntza eta Kulturako komisarioari,
Europako hezkuntza-esparruaren osaeran eskualdeen partaidetza handiagoa eskatzeko.

Etengabeko ikaskuntzarako Europako
Eskualde eta Toki Agintarien Elkarteak partaidetza handiagoa eskatu dio Europako
Batzordeari hezkuntzarekin eta prestakuntzarekin lotutako estrategiak eta ekintzak
antolatzeko. Aipatutako Elkarteko lehendakariorde Anjeles Iztueta dugu, Eusko
Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua.
Nazioarteko Elkarte horrek Europako
eskualde historiko nagusiak biltzen ditu eta ekintza zientifikoak eta pedagogikoak
garatzea du helburu. Atzo azken orduetan Bruselan egindako bileran, Viviane
Reading Hezkuntza eta Kulturako komisarioari idatzi bat bidaltzea erabaki zuen,
Batzordeak egindako etengabeko ikaskuntzari buruzko Memorandumean eskualdeei
zuzendutako zeregin eskasa salatzeko.
Aukera historikoaren eta zentzu
praktiko hutsaren ikuspegitik, hutsegite larria da -esan du Anjeles Iztueta
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburu eta Elkarte horretako lehendakariordeak-
gai horietan eskualdeak aintzat ez hartzea, eskualdeek bere gain baitute aginpidea
prestakuntzaren eta hezkuntzaren gaietan.
Toki- eta eskualde-agintariek
-gaineratu du EAko sailburuak- funtsezko egitekoa izan behar dute Europako hezkuntza-esparrua
gauzatuko duten estrategiak eta ekintzak antolatu eta betetzeko garaian.

Komisarioari datozen egunotan
bidaliko dion gutunean, Europako Eskualde eta Toki Agintarien Elkarteak idatzi,
erabaki eta ekimen guztietan eskualdeak aintzat hartzeko eta, oro har, Europako
eraikuntzan eta, zehazki, hezkuntza-gai guztietan haiek bete behar duten egitekoaren
garrantzia onartu eta argi uzteko eskatu dio Batzordeari. Idatzian, egungo egoerari
buruzko eskualdeen kezka adierazteaz gain, eskualdeen premiak eta ikuspegiak
Batzordeari helaraztea, eta alderantziz, bermatuko duten bideak finkatzea eskatuko
dio Europako Batzordeari.
Anjeles Iztuetaren ustez, etengabeko
ikaskuntzaren gaietan abiarazten den Europako estrategiak herrien eta eskualdeen
aginpideak, aberastasuna eta jardun-esparruak onartzea izan behar du abiapuntu,
horien partaidetzarik gabe nekez lortu ahal izango baita ezer.
Etengabeko ikaskuntzarako Europako
Eskualde eta Toki Agintarien Elkarteak, era berean, eskualdeek kualifikazioak
edo prestakuntza-profilak elkarri ezagutzeko eta argitzeko beharrezko izapideei
ekitea eta Leonardo programan aurkeztu diren 4.000 bat proiektuetan beraien
zeregina zehaztea erabaki du.
Etengabeko ikaskuntzarako Europako
Eskualde eta Toki Agintarien Elkartearen hurrengo osoko bilkura Euskal Herrian
izango da, martxoaren 26 eta 27an.

Jatorria: Eusko Alkartasuna