Eusko Alkartasunaren ustetan, UPNk ETBren emisio digitala eten asmoz ezarritako salaketak agerian uzten du beste behin ere Nafarroako eta Espainiako eskuinak euskararen kontra duten jarrera tematia. Azkeneko urteetan zehar, ETBren seinalea jaso ahal izateko antena bat instalatzea bezalako ekintzen bidez, EAk bata bestearen atzetik desegin ditu UPNk emisioak oztopatzeko erabili dituen argudio ekonomiko eta teknikoak. Eta, halaber, agerian utzi ditu UPNren haserrealdi bakoitzaren atzean hizkuntza normalizazioan aurrera egiteko borondate politiko falta dagoela.

Orain, UPN eta PP alderdien azpijoko berri bat ezagutu dugu, Nafarroako herritarrei euskara hutseko telebista kate bakarra ikustea ukatzeko helburu hutsa duena, eta beraz, Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, informazio eskubidea ere oztopatzen duena.

PP jarduneko gobernua, ustelkeriarekin eta kudeaketarako gaitasun ezarekin itota dagoena; Jose Manuel Soria Industria Ministroa, berriki kargua utzi duena Panamako paperekin eta zerga ihesarekin lotuta egoteagatik; eta azkenik, UPNren aurreko Gobernua, ohikoa izan duen iluntasunari jarraiki, aldaketaren Gobernuari informazio biziki garrantzitsua gorde diona. Salaketaren atzean dauden hiru aktore hauek islatzen dute euskararen kontrako obsesioaren tamaina eta ongi erakutsi duten jarrera despotiko eta zapaltzailea, zeinen bidez gizarteari euren fobiak inposatu nahi dizkioten.

Zentzu horretan, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu salaketa altxatzeko eta ETBren emisio digitalen jarraikortasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekintza eta baliabide guztiak martxan jartzeko. Era berean, gure babesa, borondatea eta konpromisoa helarazi nahi ditugu elkarlanean euskararen normalizazioan aurrera pausoak emateko.