Berriztapenak ingurumena eta Santiago Bideko adar bat berreskuratzea ahalbidetu du Esther Larrañaga (EA) Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, Elisa Sainz de Murieta Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendariak, Javier Arrien Armiñoneko alkateak, Ana Guzmán La Caixak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari orokorrak eta Ignacio López La Caixako Gizarte Ekintzako Ingurumen eta Zientzia Arloko zuzendari-ordeak La Corzana aintziran izan dira gaur goizean, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eta “La Caixa”ko Gizarte Ekintzak elkarlanean sustatutako ingurumen berriztapena bertatik bertara ikusten.

Bi instituzioek La Corzana aintziran elkarlanean egindako ingurumen berriztapena 12 hektareatara zabaldu da, eta 540.332,26 euroko aurrekontua izan du. Berriztapen lanak lau hilabetez luzatu dira.

Ingurumen berriztapenarekin gainezkabide artifiziala (pilatutako uren zabortegia) berriro bete da, aintzirako uraren zikloa leheneratuz. Aintzirako perimetroan protekziorako itxitura jarri da. Egur iragazkorreko landa itxitura horrekin hezegunerako sarbidea itxi egin da. Bigarren itxitura batek lezkadia babesten du, bertan bizi diren hegazti basatien atsedena bermatuz.

Bestalde, Santiagoko Bidearen adar bat berreskuratu eta seinaleztatu da. La Corzanarako errepidea eta Miranda de Ebro herria elkartzen dituen bide hori desagertuta zegoen. Azkenik, Santiagoko Bidearen eta La Corzana herriaren elkargunean atsedenerako gunea eraiki dute, bertara gerturatzen diren herritarrek atsedena hartzeko eta aisialdiaz eta inguruneaz gozatzeko.

Esther Larrañagaren iritziz, La Corzanako aintziran egindako lanekin bi helburu bete dira: “batetik, oso eskasa eta balio handikoa den habitata zaindu eta babestu da; eta bestetik, herritarren aisialdirako gunea sortu da”.

Amaitzeko, sailburuak La Corzanan egindako ingurumen berriztapenarekin aintzirako habitata dibertsifikatu dela nabarmendu du. Aintziran egindako lanei esker, besteak beste, 80 hamarkadan EAEtik desagertu zen zingira-mirotza, lezkadietan bizi diren hegaztiak, apo lasterkaria edo ur-igela bezalako anfibioak edo burruntzia bezalako uretako intsektuak babestu direla adierazi du.

La Corzana aintzirako berriztapena “La Caixa”ko Gizarte Ekintzaren Ingurumen Programaren barruan kokatzen da. Ana Guzmanek, La Caixak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari orokorrak, gogorarazi duen bezala, “ekimena “La Caixa”ko Gizarte Ekintzak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu duten hitzarmenari esker gauzatu da”. Jarraian, hitzarmenak bi helburu dituela adierazi du: “espazio naturalen kudeaketa iraunkorra egitea eta herritarren bizi kalitatea hobetzea”.

Bi instituzioek sustatzen duten programak gizarteak egiten dituen ingurumen eskaerak betetzeko xedearekin jaio zela esan du Ana Guzmanek. Natura hobetzeko eta zaintzeko ekimenak, jarrera iraunkorrak sustatzeko dibulgazio eta sentsibilizazio kanpainak edo herritarrak kontzientziatzeko baliabideak kudeatzea dira programa honen beste ardatzetako batzuk.
Jatorria: Esther Larrañaga