Esther Larrañagak (EA) Lurzoru Kutsatuen 2007-2012 aldirako Planaren oinarrizko ildoak aurkeztu ditu gaur, kalitatezko lurzoru garbiaz gozatzeko eskubidea bermatzeko xedearekin.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburu Esther Larrañagak (EA) 2007. urteko azken Gobernu kontseiluan onartutako Planaren berri eman du prentsaurrekoan. Aurretik, eragileei Planaren edukia jakinarazi die, xede horrekin antolatutako jardunaldi tekniko batean. Sailburuak adierazi duenaren arabera, Plana lurzoruaren funtzioak prebenitzeko eta mantentzeko ingurumen printzipioetan oinarritzen da, eta «kutsatzen duenak ordaindu egin behar du» arauari jarraitzen dio. Dokumentua irismen handiko hiru programetan dago oinarrituta, lau helburu estrategiko erdiesteko: lurzoruaren kalitatea narriatzeari aurrea hartzea; ustez kutsatutako lurrak modurik egokienean berreskuratzea; hondatutako lurzoruak beste xede batzuetarako berrerabiltzea, gizakien osasuna eta ingurumena bermatuta; eta hirigintza interesik gabeko lurrak balioestea, erabilera alternatiboak emateko. EZAGUTU, ERAGIN eta EKIN dira hiru programen izenak. 9 jarduera ildo eta 19 ekintza zehatz jaso dituzte, guztiak ere bat datozela 2002-2020 eperako Garapen Iraunkorrerako Euskal Ingurumen Estrategiarekin; gainera, araudiko irizpideak ez ezik, kontuan hartu dituzte merkatuko ekonomiaren funtzionamendua eta Administrazioko mailen arteko lankidetza. Hala, Planak gizakiek eragindako kutsadura saihesteko ekintzak zehazten ditu, bereziki industriako jarduerek sortutako kutsadura zehatzaren edo zehaztugabearen aurkakoak. Larrañaga sailburuaren hitzetan, Plana prestatu ahal izateko, diagnosi zehatza egin dute, eta hor garbi gelditu da Euskadiko historia industrialak duen zama; izan ere, EAEn garrantzi handi izan dute lurzorua kutsatzen duten jarduerek (metalezko produktuen ekoizpena eta horrekin lotutako industria), eraikuntzak eta hirigintzaren garapenak, baina ingurumen eraginetan erreparatu gabe egin zuten aurrera. PASIBOA AKTIBO BIHURTU Ondorioz, ustez kutsatutako lurzoruen pasiboa (hau da, hondatuta daudenaren egiaztapenik ez izan arren, instalazio arriskutsuen kokaleku izan direnak) 7.898 hektarea ingurukoa da; hots, Euskadiko azalera erabilgarriaren % 16,5. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoru horietan egindako ikerketen arabera, benetan kutsatuta dagoen EAEko azalera erabilgarria % 2,7 da (1.279 hektarea). Hala ere, zenbateko hori % 6,5 izango litzateke (3.120 hektarea) nolabaiteko narriadura duten lurzoruak kontuan hartuz gero. Sailburuak adierazi du Plana gure herrialdeko pasiboa benetako aktibo bilakatzeko beste aurrerapauso bat dela eta osatu egiten duela azken urteetako lana; izan ere, 2000. eta 2006. urteen artean, 144 leku berreskuratu zituzten, guztira 145 hektarea. Planak 25,55 milioi euroko aurrekontua du zehazki. Diru horrek beste administrazio batzuen eta ekimen pribatuaren funtsak lortzeko pizgarri izan nahi du, bi arlo horiek konpromiso handia hartu beharko baitute datozen urteotan, Planean aurreikusitako helburuekin bat egiteko.

Jatorria: Esther Larrañaga