Kataluniarekiko espainiar gobernuaren kudeaketa politiko txar eta kaltegarriaren aurrean, Eusko Alkartasunak hurrengoa azpimarratu nahi du:

• Irailaren 20tik aurrera kataluniar herriaren eta beronen erakundeen aurkako errepresio gorakada itzela izan da Estatuaren arlo guztien parte hartzearekin: hedabideak, erregimeneko alderdiak, indar armatuak, justizia…. Elkarlanean dabiltza edozein disidentzia politiko ezabatzeko asmoz.
• Euskal Herrian luzaroan daramagu estatu Espainiarraren errepresioa jasaten, eta tamalez, badakigu zer eta noraino heltzeko gai diren. Uste izan dugu, baina, Katalunian, gatazka politiko soila izanda, eta prozesua kataluniar herriak era baketsu eta guztiz zibikoan eramanda, errepresioak ez zuela lekurik izango. Erratu gara: Estatuaren botere guztiek beraien indar inolaz proportzionala erabili dute, Kataluniak hala erabakitako prozesu soberanista geldiarazteko.
• Kataluniako Gobernuak eskainitako negoziazio eta eztabaida eskaintzak mahai gainean dirau. Beste aldetik ordea, ukazioa eta errepresioa besterik ez dute jasotzen. Espainiar gobernuari heldutasun politikoa izan dezan eskatzen diogu: berdinetik berdinera negoziatu dezan Kataluniako Gobernuarekin, ez bata bestearen menpeko.
• Aspaldi igaro ditu espainiar Gobernuak demokrazia, errespetua, bere legedia propioa edo duintasun politikoaren marra gorriak. Noiz arte jarraituko du EAJk Kataluniari eskubide zibil eta politikoak aitortzen ez dizkion, akordatutakoa betetzen ez duen eta nahieran autonomia jar edo kentzen duen Gobernu ustela babesten?
• Azkenik, espainiar gobernuak uste badu zilegitasuna duela bere konstituzioko 155. artikulua aplikatzeko, Europar Batasunari eskatzen diogu europar hiritar batzuen eskubideen urraketa hau geldi dezala, Europar Batasuneko Hitzarmenaren 2 eta 7. artikuluak ezarriz Espainiar estatuari, hartara kataluniarren eskubideak bermatu eta hauen urraketak ekiditeko.
• 155. artikuluaren aplikazioak konstituzionala izan arren erabat demokraziaren kontrakoa den egoera sortuko du Katalunian. Izan ere, erakundeetako kudeaketa ahalmena gutxiengoan dauden indarrek egingo dute, eta ez dute ez gizartearen babesa ezta zilegitasunik ere jendartearen izenean erabakiak hartzeko. Espainiar Gobernuaren erabakiak bide politikoetatik baino konponduko ez den gatazka politikoa betikotu egiten du.