Estatu espainolak ez duela eztabaida politiko demokratikoa onartzen eta zilegi den jarduera politiko baketsua kriminalizatzea nahiago duela baieztatu du Auzitegi Gorenaren epaiak, Eusko Alkartasunaren ustez. Zigortuak izan diren pertsonekin elkartasuna agertu du alderdiak, baita beraien familia eta ordezkatzen dituzten alderdi politiko eta elkarteekin ere, eta Euskal Herrian egingo diren protesta ekitaldietan parte hartzera animatu du euskal gizartea.

Demokrazia kriminalizatu du epaiak, buruzagi politikoak hauteskundeetan babesa jasotako hitza betetzeagatik zigortu duelako, eta baita jardun politiko baketsua ere. Horrek esan nahi du, salatu du Eusko Alkartasunak, jendartearen oinarrizko eskubideak urratu direla, gizarteak badakielako ezin duela bere nahia politika eta demokraziaren bidez lortu.

Katalunia eta kataluniar gizarteari eragiten dio hamabi buruzagi politiko eta sozialei ia ehun urteko zigorra ezarri dion epaiak, baina Euskal Herria eta bertako jendarteari ere eta Europa osoari. Gatazka politikoa dago Europako bihotzean eta Europar Batasunak ezin du entzungor egiten jarraitu, estatukide batek gatazka hori oinarrizko eskubideak urratuz itxi nahi duenean.

Franquismoaren oinarriarekin eraikitako Estatu espainolaren gabezia demokratikoak agerian utzi ditu epaiak. Horien ondorioz lau urteren buruan egiten diren laugarren hauteskunde orokorrak egiteko gaude orain.