Etxebizitza hutsen Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, OHZri aplikatutako igoera defendatu du Nerea Martinezek, Arabako EH Bilduko batzarkideak espekulazioa geldiarazteko eta etxebizitza eskubidea bete dadin bultzatzeko tresna gisa.
Martinez %50ekoa izan daitekeen karga hori kentzearen aurka agertu da, eta PPk gaur egindako Osoko Bilkuran proposatutakoaren aurrean EH Bilduren jarrera finkatu du: “Hobetu daitekeen tresna bada ere, aukera ematen die udalei espekulazioarekin amaitzeko eta etxebizitza hutsen kopurua jaisteko, baita etxebizitza-politikan eragiteko ere, erakundeek alokairuko etxebizitza-parke bat eskura dezaten, eskubide hori lortu ezin dutenen mesedetan”.
Karga hori EAEko hiru herrialdeetako batzar nagusietan onartu zen, EH Bilduren ekimenez, eta etxebizitzek erabilera-balioa izan behar dutela eta ez direla inbertsiorako eta errentagarritasunerako tresna izan behar du oinarrian.
Azkenean, Arabako ganberak ez du PPren eskaera babestu, eta, beraz, araudiak orain arte bezala jarraituko du, etxebizitza hutsen karga ezartzeko aukerarekin, udalek hala onartzen badute.