155.aren kontra, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea lemapean azaroaren 4rako Bilbon deitutako manifestazioarekin bat egiteaz gain, euskal gizarte osoari bertan izateko deia luzatu du Eusko Alkartasunako bozeramaile Iker Ruiz de Eginok. “155 artikuluaren ezarpena ez da inolaz Kataluniako egoerari ez eta kataluniarrei arazoak konponduko dien bidea. Hare gehiago, demokrazian sinisten dugun guztion aurkako erasoa da”.

Iker Ruiz de Eginoren esanetan, “155.aren aplikazioak eskumenak eta herriaren subiranotasuna usurpatzen ditu. Oraingoan kataluniarren gain ezarri dute, baina jada Nafarroan ere egin dezaketela mehatxatu dute, eta biharko egunean, Rajoy izan dezakegu Lehendakaritzan eserita, astokeri juridiko honekin jarraitzen baldin badu espainiar gobernuak”.

“155aren ezarpena Estatu espainiarraren ezintasun politikoaren, gabezia demokratikoaren, eta botere banaketa ezaren isla da. Herri baten askatasun nahiari bortizkeria polizial, judizial eta instituzionalarekin erantzutean, txoriari hegoak ebaki nahi izatea bezalakoa da” adierazi du EAko bozeramaileak, eta gaineratu du “Kataluniari egin diotena, Euskal Herriari egingo baliote bezala hartu behar dugu, eta edozein eskubide urraketen aurrean agertu garen bezala, herri gisa erantzun behar dugu”.

“Egoera ez da inondik eta inora normala, eta ezin dugu ez eta ere normalizatu. Horregatik, Bilboko kaleak beteko ditugu behar adina bider, sasidemokrazia espainiarra salatzeko, eta erabakitzeko eskubidea debekatu baino, ia derrigorrezko beharko lukeela aldarrikatzeko”.