Begoña Errazti, Eusko Alkartasuneko presidentea Begoña Erraztik bozetan alderdi guztiak egotea nahi duela esan du. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) EAJ-EA koalizioa garailetzat jotzen duen hauteskunde inkestaren inguruan «zuhurtzia» eskatu du, eta garaipena hauteskundeetan ikusiko dela gaineratu.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen hauteskunde inkestak dio EAJ-EA koalizioak lortuko duela boto gehien EAEn. Horrela gertatuko dela uste duzu?

Inkestak hauteskundeetan frogatzen dira. Zuhurtzia aplikatu behar diogu azterketari. Dena dela, guztietan gorantz goazela dion joera ageri da. Hauteskunde hauek oso bereziak izanen dira; ez gaude egoera normalizatuan. Baliteke egun erakundeetan dagoen indar politiko bat hauteskundeetan ez izatea, eta hori distortsioa da. Madrilek aurkezteko aukera galarazten badio, giroa gogortu eginen da. Nahiago dut indar politiko guztiek presentzia duten egoera. Gizartea oso aztoratuta egonen da Batasunak ez badu hauteskundeetan parte hartzen.

Inkestak ezker abertzalearen aukerek gora eginen dutela esaten du. Dena dela, Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi du Batasuna, eta zalantzan dago AuBri aurkezten utziko dioten. Bi hilabeteotan gauzak muturrera joan daitezkeela uste duzu?

Ziurrenik bai. Atzean dagoen helburua ez da erakundeetan Batasuna ez egotea, euskal gizartean haserrea eta desegonkortasuna sortzea baizik. Gainera, ongi pentsatutako helburua izan da, eta, horregatik, botere eragilea eta judiziala bat etorri dira askotan. Gizartea zenbat eta haserreago eta desorekatuago egon, badakite zailagoa izanen dela bakegintzarako bideak elkarrekin egitea. Ikusi zen Lizarra-Garazin. Zenbat eta egoera normalizatuagoa egon hemen, askoz okerrago inperialismo espainiarrarentzat.

Batasuna legez kanpo utzi dute; AuBri ateak itxi nahi dizkiote. Horiei botoa emateko asmoa zutenak abstentziora joanen dira?

Ez dut uste. Batzuk seguru baietz. Baina abstentziora joango dira nukleoan daudenak. Gizarteak oso argi du garai kritiko batean gaudela. Jokoan Espainiako inperialismoaren aurrerapena dago, eta horren aurka erantzun egin behar da.

Inkestara itzuliz, PPk behera eginen duela esaten du. Prestige-ren hondamendia eta Iraken aurkako gerra ordaindu beharko ditu?

Hala espero dut. PPren benetako aurpegia, gehiengoaren aurkako handinahikeria, agerian gelditu da. Prestige-rekin ez zutela inolako ardurarik esan zuten. Orain Espainiako Estatua gerra batean sartu du, Estatu Batuen interesak defendatzeko. Gerra horrek ondorio ekonomikoak izango ditu, eta NBE oso ahulduta gelditu da. Nazioartean II. Mundu Gerratik zegoen adostasuna apurtu egin da. Kultura hori zabalduko da aurrerantzean. Hurrengo belaunaldietan normala izanen da boterea duenak nahi duena egitea. Noski, ahaztu gabe Irakeko herritarrak.

Aldiz, PSE-EEren aukerak gora egiten duela esaten da. Azken boladan oposizioa egin diote PPri, eta zerrenda bateratuetan elkarrekin ez joateko erabakia hartu dute. Benetan PPren lerrotik aldenduko da PSE-EE?

Aldendu beharko du, gainerakoan ez duelako bere politika egiten. PPren estrategia arriskutsuan sartu da, eta Itun antiterrorista eta Alderdien Legea onartu ditu. PPk hemengo indarkeria baliatu du muturreko proiektu ideologikoa aurrera eramateko. Aniztasun nazionalak eta sozialak ukatu ditu, eta desorekaren alde lan egin du eta PSOE ez dugu kalean ikusi. Beste indar politiko guztiak bezala, PSOE beharrezkoa da. Baina ez du balio hauteskundeetan bakarrik aldentzeak: behin betiko aldendu behar du. Bakegintzan proposamenak mahai gainean jartzeko eta guztion artean irtenbideak ipintzeko apustua egin behar du.

Gatozen Nafarroara. Batasuna legez kanporatu izanak UPNri gehiengo osoa emanen diola esana du Pernando Barrenak. Horrela gertatuko da?

Ez. UPNkoak urduri daude. Ez dut uste gehiengo osoa lortuko dutenik, ordezkaritza galdu baizik. Gehiengo osoa lortuko luke jende asko etxean geldituko balitz. Egoera kritikoa da, eta horren inguruan erantzun egin behar da. UPNk gehiengoa osoa lortuko balu, datozen lau urteotan tabula rasa eginen luke.

Hemen egin diren inkestek PSNri igoera iragartzen diote. UPNren alternatiba gauza daiteke?

Saiatu egin behar dugu. Beste lau urte UPNrekin, eta Parlamentua erabat baztertua geratuko litzateke eta basamortu bilakatuko. Baina alternatiba oso plurala izan behar du. Gure emaitzak hobeak izanen dira, eta arduraz jokatu behar dugu.

Izanen du eraginik UPNk izan duen gerraren inguruko jarrera kontraesankorrak?

Bai. Jarrera bitxia izan dute. Ez dira gerraren aurka egon. Baina euskararen eta euskal kulturaren gaia ere oso garrantzitsua izan da legegintzaldian. Euskal kulturaren aurkako gorrotoaren estrategia argia izan da, eta hori bai, hori gai garrantzitsua da. Nafarroa kritikarik gabeko eta dena ontzat ematen duen gizartea bihurtu nahi dute.

Hilabetea pasatu da Egunkaria itxi zutenetik. Zer azpimarratuko zenuke Egunkariaren inguruan gertatutakoaz?

Egunkariaren itxierarekin, Jose Maria Aznarren estrategia nabarmen gelditu da berriz. Adierazpen askatasunaren aurkako itxiera izan da, ondo pentsatutako estrategia baten barnean. Helburua, batez ere, euskara eta euskal kultura kriminalizatzea izan da. Euskara eta Euskal Herriko eskubide nazionalak indarkeriarekin nahasteko nahia dago.

Aferak Euskal Herrian jaso duen erantzuna nolakoa dela uste duzu?

Handia izan da erantzuna. Itxaropentsua da. Donostiako manifestazioan denetarik zegoen. Hemen Aznarrentzat guztiak balio du, horrek agintzen du. Haren planteamendua da pentsaera bakarra. Atzerapen demokratiko izugarria pasatzen ari gara. Orain arte kriminalizatuak batzuk bakarrik ginen. Orain, Irakeko gerra dela eta, PSOEren eta IUren aurka jo du Aznarrek. Ikasi dute zer den kriminalizatua sentitzea, bakea defendatzeagatik haien aurka egin duelako PPk. Horien kriminalizazioa aspaldian sufritzen ari gara abertzaleok eta Euskal Herria.

Eta erakundeen erantzuna zer iruditu zaizu?

Orekatua izan da. Erakundeek denon izenean eman behar dute erantzuna. EAEko Gobernuaren atea zabalik dago. Behar-beharrezkoa dugu Euskal Herrian egunkari bat euskaraz eta gaur dagoenetik hasita izan behar du. Hor daude 150 langileak eta horiek dira oinarria.

Jatorria: Begoña Errazti