Normaltasun berriak politika ulertzeko modu berria ekarri du Iparraldera, hexagonoan subirautza gehiago eskatzen duten eskualdeetara, eta hain zuri-gorri-urdina zen Frantzia berdez tindatu du.

Iparralden, aukera abertzalea periferiatik erdigunera igaroarazi dugu. Normaltasun berriari politika egiteko modu berria erantsi nahi diogulako; herritarrak partaide eta protagonista izango dituen erabaki politikoak hartzeko unean; bakearen artisauak izatean; euskara folklore hutsetik bizitza eraikitzeko tresna baliotsu bihurtzean; ura, lurra eta haizea zaindu eta kudeatzean; elkarri bizkarra emanda baino, eskua emanez politika herrigintzaren mesedetan jartzean. Horren adibide, kolore ezberdinetako zerrendetan parte hartu dugula abertzaleok, politika aberastuz. Euskal Herrian askatasunerako grina eta erabakiak guk eta bertan hartzeko asmoa geroz eta nabariagoa da.

Hexagonoan ere, subirautza politikorako grina agertzen doa zentralismo gogor eta chauvinistaren aurrean; Korsikan, herri ugari abertzaleen esku mantentzen dira, eta beste askotan indar abertzaleei eman diote Herria gobernatzeko giltza; Bastia hiriburutik hasita, Portivechju, Figari, Zonza… kortsikarrek askatasun bidean jarraitu nahi dutela adierazi dute, oraingoan maila munizipaletik indarrak batuz eta esku hartuz.

Britanian, apala eta lotsatia zen mugimendu autonomistak burua altxa du, eta udal garrantzitsuetan sartzea lortu ditu; Brest, Nantes, edo Rennes. Bestela ere, berdeekin batera gobernatuko dute hainbat herrietan. Kasu berdintsua gertatzen da Alsazian, bertako hiriburu Strasbourgen politika berdeek aginduko dute, Unser Land indar erregionalistak lagunduta. Eta Mulhouse edo Colmar bezalako herriak eskuratu dituzte. Izan ere, gure eskualdeak aitortzeko nahia, berauek zaindu eta mantentzearekin bateragarriak ez ezik, beharrezkoak dira gure eskubideak, gure kultura eta gure ingurumena geroan ere iraunarazi nahi baditugu.

Frantzian, hiri handi ugari ekologismoak gidatuko ditu datozen urteotan; orain arte Grenoble zen bakarra – eta eredugarria izan da bere kudeaketa arlo sozioekonomikoan, zaintzen arloan, gehiengoari onuragarri zaizkion politika publikoak ezartzerako garaian, eta nola ez, ingurumena ardatz. Ekainak 28 honetatik aurrera, 7 hiri handi eta garrantzitsu izango dira ekologisten esku, haietako hainbat indar autonomista eta ezkertiarrak lagun; Lyon, Estrasburgo, Marseilla, Tolosa, Poitiers, Besançon, eta azkenik Bordele. Azken hiri honetako alkatea nabarmentzekoa da, izan ere, berdeen zerrendan joanik ere, bere burua “adopzioz bordeldarra den euskaldun” gisa deskribatzen baitu Pierre Hurmicek; 73 urtez eskubian mantendu den hiriak, ezkerretik eta berdetik ekingo dio “normaltasun berriari”.

Zeren bai, Auñamendiez bestalde bizi diren lagunek argi adierazi dute nouvelle normalité delakoari politika berriekin ekin nahi diotela; Autonomia gehiago eskuratuz eta ekologian oinarrituz. Jacobinismoa edo zentralismo uzkurra apurtu nahi dutela aniztasunetik. Orain arteko sistema ekonomiko ultraliberalista eraldatu nahi dutela 0 kilometrotik, tokiak tokiko eta garaian garaikotik, euskoa bezalako moneta lokalen bitartez, bertotik eta jasangarriki produzitzeko. Pribatizazioen bidea moztu nahi dutela elkartasunetik eta justizia sozialetik; inor atzean ez uzteko, denok kontuan izango gaituen sistema publikoa egonkortzeko eta bizitza duinak bizi ahal izateko, ingurumen garbian. Kapitalean eta patriarkatuan eraikitako gizarte autarkikoa errotik erauzi nahi dutela gizarte zibila ahalduntzeko, demokrazia bere literaltasunean –herriaren boterea- ezartzeko, erabakimena, erantzukizuna eta askatasuna berreskuratzeko. Engaiamendu herritarren eskutik, eskumen eta eskubideak aldarrikatzeko.

Aukera apartak ireki zaizkigu Iparralden. Autonomiaren aldeko olatu berdea zabaldu da beste nazioetan. Bai, batzuk Kantabriara begira dauden bitartean, beste batzuk “normaltasun berria” eskumenez eta eskubidez bete nahi dugu, Herriaz kontziente diren herritarrez, herrien arteko elkartasunez, gizartea eta ingurumena errespetatu, kudeatu eta zainduko dituen politikak eginez.

Iria Epalza Markoartu
Eusko Alkartasunako Komunikazio Idazkaria