Esako presaren hazkundea birpentsatzeko eta “Bardeako ureztatzea benetan bermatuko duten” alternatibak bilatzeko eskatu du Idurre Bideguren, EH Bilduko senatariak. Bidegurenek argudiatu duenez, presaren ondorioz segurtasun arazoak egoteaz gain, duela 50 urte egindako proiektua da eta “uraren kultura zaharraren” isla da.

Zangozako Udalaren eskariarekin bat egin du EH Bilduk: Urtegia betetzeko asmoa bertan behera uztea eta egungo hormigoizko presa gaindituko ez duen segurtasun-maila ezartzea.

Bidegurenen hitzetan, presa beste garai bateko ikuspegitik planteatu da, eta “ez dator trantsizio hidrologiko egokia oinarri izan behar duten larrialdi klimatikoarekin eta trantsizio ekologiko batera egokitu beharrarekin”.

Baina, batez ere, segurtasun arazoa azpimarratu du senatariak. Duela 20 urte martxan jarri zen bost urteko epean egiteko, Bidegurenek gogoratu duenez, baina ezin du aurrera egin lehen pitzadurak agertu eta gero. Zailtasun horien ondorioz, aurrekontua 100 milioi eurotik 450 milioi eurora igo da.

Egin diren ikerketen arabera, eskuineko hegalak ez du egonkortasunik eta “arrisku handia ekarriko luke urtegia betetzeak”, jarduera sismiko nabaria duen eskualdean, gainera.

Politika hidraulikoari buruz hitz egin du Bidegurenek gai-zerrendako beste puntu batean. Europako Zuzentarauak betetzeko deia egin du eta udalerri txikienak finantzatzeko proposamena babestu du, horietako askotan arazketa-sistemarik ez dagoela azalduz eta arazoa konpondu behar dela azpimarratuz.

Bizkaiko Ea udalerria jarri du senatariak irtenbide berriak bilatzeko beharraren adibide gisa, Bedaronako araztegi ekologikoa aipatuz, “urrun dagoen konponbide zentralizatua baino irtenbide iraunkorragoa da eta energetikoki intentsiboagoa den arazketa-sistema du, bai eraikuntzari begira baita funtzionamenduan ere”. EAEn beste beste aurpegia Nerbioi Garaiko arazketa izango litzateke, Estatuaren interes orokorreko obra bezala izendatuta egonda ere, konponbiderik gabe jarraitzen duena.

“Urak berebiziko garrantzia du aldaketa klimatikoaren aurrean”, esan du Estatuan eta Euskal Herrian Europar Batasunaren eskakizunak ez direla betetzen ari salatu duen Bidegurenek: “Epe guztietatik kanpo gaude”.
Bideguren