Martin Aranburu Azterketa parametro berdinekin ezin dira errealitate desberdinak aztertu, aztertu beharrekoa gizon-emakumeez osatutako gizartea bada behinik behin. Hau ez da enpirismoaz edo subjektibitateaz egin nahi dudan debatea, herrien arazoen konponketaz baizik. Ezinezkoa iruditzen zait gure kulturatik kanpo dauden herrien arazoak konpontzen saiatzea, herri horien kulturetan barneratu ondorengo ezagutza sakonik ez badugu. Esfortzu hori egin ezean, aplikatu nahi diren formulak ukatuak izateaz gain, herrien arteko distantziak areagotu egiten ditu.

Nazioarteko epaitegiez eta Slobodan Miloseciv-etaz ari naiz, eta zehazki, Jugoslavia ohian eginiko krimenak epaitzen dituen Auzitegiaz. Posible al da bertako gerran gertatutako basakeriak bertakoak ez diren epaile eta herritarrek epaitzea? Bestela esanda, ez al diogu geure buruari eza- gutza askoz ere sakonagoa eskatu behar bertan inplikatuta zeuden alde guztiei borrero edo biktima abizena jarri aurretik? Balkanetan bizi diren askok ez dute Europan sinesten, eta ez dute Europako proiektu honetan parte hartu nahi. Europak beren burua zapaldu duela sentitzen dute. Nazionalitate desberdineko pertsonak hartu eta epaitu egiten ditugu, batzuk hil egiten dira gainera, eta horretaz gain, ez zaie herritar horiei heriotzaren berri sinesgarririk ematen.

Serbiarren begietan Milosevic hil egin dute. Bere alderdia Serbiako gobernuko alderdietako bat da. Milosevic-i estatu hileta egin nahi diote. Eta guk, europar azkar eta bakegileok, ezin ulertu nola ote den posible genozidatzat dugun politikari baten hileta egin ahal izateko Serbia eta Errusia borrokan ibiltzea. Erantzun azkarra emango digute hainbeste hitz egin eta idazten duten askok: erratuta daude. Bai Errusia baita Serbia ere. Beraiek erratuta; gu, aldiz, zuzen.

Zuzena eta okerra Brusela, Paris eta Londresetik markatu nahi dira. Aldiz, herri eslaviarrek ez dute sekula onartuko Brusela, Paris edo Londresetik ematen zaizkien onaren eta txarraren arteko desberdintasunak. Desberdintasun hori egiteko gu bezainbeste gaitasun daukatelako, eta ziurrenik, beraienak diren oinarri kulturaletan oinarritu nahi dute desberdintasun horren muga. Horren ondorioz, zubiak eraiki beharrean distantziak handitu egiten ditugu beraiekin.

Milosevic-en heriotza ezin dugu gure begiekin aztertu, serbiarren begiekin aztertu behar da. Herri baten itxaropenak eta bizi-nahia ordezkatzen zituen politikaria hil da serbiar askorentzat. Eta uste hori, erratuta bada ere, kontuan hartu behar da baldin eta benetako errespetua zor badiogu Europako herri bati. Milosevic heroi bihurtu da, dute, dugu. Eta bere herrian, bere etxekoengatik epaitua eta zigortua izan behar zuen politikari hori Europak Serbiari egindako zapalketa konstante baten beste adibidetzat hartuko dute. -
Fuente: Martin Aranburu