“Euskal gizartea gizarte gaixoa da”. Zenbatetan entzun dugun esaldi hau, eta zein erraturik zebiltzan berau ahotan ibiltzen zutenak. Zerbait bada euskal gizartea, herri honetan gertatu denaren oso kontziente da; ez azken 100 urteotako gertakari latzak ahazten ez dituena, memoria duin eta osoa gorde eta aldarrikatzen dituena, biktima guztiei zor zaien erreparazioa aldarrikatzen duena, eta noski, gizarte eta norbanako gisa dagozkion eskubide guztien aitortza borrokatzen dituen gizarte sanoa da gurea.

Gurea gizarte langilea da, borrokalaria eta ausarta. Emakume eta gizon askok bizitza eman dute guztion eskubide eta askatasunaren defentsan. Eta baita ere burugogorra da euskal gizartea; bakea garesti ordaintzen dela jakin arren, berau bilatu eta aurkitu ondoren, gurean ezartzen tematuta gaude. Euskal gizarte zibilak biktima guztiei eman die hitza eta konfiantza. Euskal gizarteak ez du ahazten, eskubideen urraketa oro, edota errepresio zein tortura kasuak aitortzera arte egia eskatzen jarraitu behar dugulako. Eta noski, bere odolean darama ETAren krimenen oinazea.

Eta horrekin guztiarekin ere aurrera doa, bakegintzan eta elkarbizitzan bidegile. Artean, alderdi politiko gehienak erretrobisoreari begira bizi dira alderdikoi, Euskal Herriak pairatutako gatazka urteak patrimonializatu nahian, edo.

Bagara benetako bakea, memoria osoa eta biktima guztientzako aitortza lortzeko erakunde, mugimendu, fundazio, alderdi, familia eta antolakunde ezberdinekin urte luzez gabiltzanak. Eta honetan dihardugun bitartean, PNV eta PSEk alderdikeritik Herri interesetik baino gehiago duen mozioa aurkeztu dute. Fernando Buesa fundazioa- beste batzuen artean- izanik mozioaren eragile, uste dugu laguntza baino oztopo dela Euskal Herriko benetako elkarbizitzarako. Eta hau diogu Jaurlaritzak daraman txertaketa kudeaketa kaltegarritik fokoa atera, eta biktima batzuengan soilik jartzen duelako foko hori, beste biktima batzuen mina areagotuz.

Mozio hau bezalako alde bateko ekimenak, elkarrekin landu ez badira, konfrontazioa elikatzen dute, eta gizarte zibilaren lana boikoteatu, bide batez. Bakearen alde lan egin nahi badugu, ekin diezaiogun elkarlanetik, guztion artean, ez dezagun sentitu Benedetti poetak zioena: “en realidad somos un país tan peculiar, que quien pacifique a los pacificadores un buen pacificador será”.

Elkarbizitzaren alde lan egin nahi badugu, egin dezagun gizalegez. Ulertu dezagun gizalegezkoa dela gertuko norbait kartzelatik irteten denean poztea, eta gizalegezkoa dela benetako birgizarteratze prozesuan laguntzea. Ulertu dezagun norbait askatzen dutela ospatzea ez dela inondik eta inora ETAko biktimak inolaz iraintzeko, gutxiesteko edo mespretxatzeko.

Eusko Alkartasunatik beti arbuiatu izan dugu bortizkeria oro, datorren tokitik datorrela, eta hain sutsuki defendatu ditugu eskubide guztiak pertsona guztientzat. EArentzat benetako elkarbizitza eraikitzeko hain nabari eta beharrezkoa den premisa hau, funtsezko zaigu halaber bide honetan aurrera egiteko; ez da legezkotasun edo zilegizkotasun kontua; errespetua eta enpatiarena baizik.

ETAren oinordeko edo horrelako edozein lerdokeri deitzen digutenoi gogorarazpen bat luzatu nahi diegu; EH Bildu da gaur gaurkoz biktima guztiak aitortzen dituen eta memoria osoa aldarrikatzen duen indar politiko bakarra, Euskal Herriaren bakegintzan eta elkarbizitzan urratsak ematen jarraitzen dugun bitartean. Tamalez, ezin dezakegu berdina esan Espainiako eta Frantziako gobernu zein alderdien alde.

Bilduren eraketa bera bakearen aldeko apustu argia da. Apustu horretan denok genuen asko jokoan; eta irabazi genuen. Jada 3 urte pasa dira ia ETA guztiz desagertu zenetik, Euskal Herriko zein nazioarteko jende askoren lan ixil eta beharrezkoari esker. Orain, bera gabe bizitzen ikasi behar dugu, normaltasun berriak hau ere bait dakar bere baitan. Eta normalizazio honetan, normala behar du presoak birgizarteratu nahi izateak bakegile bilakatu daitezen. Normalizazio honetan, arauak betetzeak normala behar du presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzeko, zigorraren 3/4ak beteak dituztenak edo larriki gaixo daudenak askatzeko, edo oraindik batuketak egiten ez dakiten umeek ez ditzaten hainbeste kilometro batu euren motxiletan gurasoak ikusi ahal izateko.

Euskal gizarte zibilak erakusten digu zein den egin beharreko bidea; ekin diezaiogun bada. Bakoitza bere erritmora, postura ezberdinak ulertuz, eta beti pertsona guztien eskubideak errespetatuz. Alderdioi tokatzen zaigu bakegintza, elkarbizitza eta normalizaziorantzako aurrerapauso horiek indartzea, urte luzeegitan itolarrian izan gaituen egoerara bueltatu ez gaitezen. Bakea zorrozteko garaia da; ekin diezaiogun.

Eba Blanco de Angulo
Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia