Joseba Azkarraga. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua
Hogeita bost urte dira Nafarroara itzuli zela, erbestealdi luze baten ondoren,
Manuel de Irujo y Ollo, Espainiako II. Errepublikako Justizia ministroa. Bere
oroimenez, Justiziaren ‘Manuel de Irujo’ Sariaren lehen deialdia egin
du Eusko Jaurlaritzak. Sari horren bitartez aintzat hartu nahi dira bere lanaren
edo lanbidearen bitartez justizia eta horren oinarri diren balio eta printzipioen
babesean gure gizartean eredugarri izan diren pertsona eta taldeak.

Manuel de Irujo y Ollo Lizarran jaio zen, 1891eko irailean, eta II. Errepublikako
Justizia ministro izendatu zuten 1937ko maiatzaren 17an. Gizon zintzo hark,
bere karguaz jabetu eta berehala, erakundeetan egin behar zuen lanaren printzipioak
aldarrikatu zituen: gizarte-berdintasuna, gizabanakoen askatasunak, demokrazia
politikoa, justizia, eskubideen estatua eta botere judizialaren independentzia.
Beranduago, oso egoera lazgarrian borrokatu behar izan zuen printzipio horien
alde.

Euskaldun handi hark justiziaren independentziaren alde gogoz lan egin zuen,
oso garai zailetan. Bere mezuak erabateko gaurkotasuna du, ia hirurogeita hamar
urte beranduago. Ugalderen esanetan ‘bere garaiarekin leiala’ izandako
nafar handi haren nortasuna, gaur egun ere, ekidinezinezko erreferentzia izango
litzateke. Ugaldek aipatzen zuen leialtasun hori, gaur egun, sakrifizio, elkartasun
eta gizarte-konpromisoaren erakusgarri izango litzateke, inoiz ez bere printzipioei
uko egin gabe. Guzti hori transmititzen asmatu zuen Manuel de Irujok bere jardun
politiko osoan zehar, baita Errepublikaren gobernuan izan zuen parte-hartzean
ere.

Mikel Peciñak Muga aldizkarian gogorarazi duenez, Irujo ‘el Libertador’
eta ‘el Ministro de los Canjes’ ezizenez ezagutzen zuten Madril eta
Valentzian, Errepublikaren hiriburuetan. Garai hartako tira-bira belikoak gora-behera,
gerran, gogor saiatu zen giza legez jokatzen eta tortura desagerrarazten. Egun
zail eta nahasi haietan, giza eskubideen babesle garrantzitsuenetariko bat izan
zen Manuel de Irujo. Urte batzuk beranduago berak gogoratu zuen bezala, bere
jarduna erabakigarria izan zen biziak salbatu eta hilketak ekiditeko. Nortasun
hori euskal heziketa humanistikoan sustraitua zegoen.

Irujoren jarrera adoretsuari esker fusilamendu asko ebitatu ziren, baina Justizia
ministro haren giza legezko jarrerak eztabaida gogorrak ekarri zizkion Negrín
presidentearekin, behin baino gehiagotan. Manuel de Irujok ez zuen inoiz onartu
epaitegien independentzia kolokan jarri zezakeen kontsignarik, eta aurkako jarrera
tinkoa izan zuen heriotza zigorraren aurka.

Berak, ministro izendatu zutenean, sinatu zuen manifestuarekin bat etorriz:
‘gerra zuzenbidearen ukazioa da, porrot ekonomikoa, hilketaren, erailketaren
eta krimenaren erregimena’, Irujok eskubide urraketa guztiak salatu zituen
eta heriotza-zigorrak sinatzeari uko egin zion. Izaera eta nortasun hori ugalduko
ahal da gure artean egun zail hauetan! Gure garaian, hogita hamarreko hamarkadan
gertatzen zen bezala, leialtasun dosi handia behar da, guztion aldetik. Eta
leialtasuna, bizitzaren, pertsonen eta ideien errespetoa baino ez da.

ANIZTASUNA
Bere herriarekiko
grinak gainezka egiten zion Irujori. Beti sinestu eta babestu zuen, sektakeriarik
gabe, bertan elkarrekin bizi zirenen aniztasuna. Hori, modu desberdinetan, bere
jardun guztia gidatu zuten bi printzipioetan islatu zen: askatasuna eta demokrazia.
Bi balio horiek landu zituen bere bizitza osoan zehar. Bere hitzetan, ‘heziketa
kristaueko eta zuzenbideko gizona’ zen, eta horrela laburbiltzen zuen bere
bizitzaren gidari izan zen sinismena.

Demokraziaren eta herri sobiranotasunaren aldeko apostu horren erakusgarri garbia
da 1936ko uztaileran hartu zuen erabakia, militarren altxamenduaren lehen berriak
iritsi ziren momentutik, ‘edozein dela ere altxatuen helburua’ bera
‘Errepublikak islatzen duen herri-sobiranotasunaren legezko adierazpenaren’
alde jarri zen. Legaltasunaren aldeko apostua izan zen hura.

Zenbait gehiegikeria ekiditen lagundu zuen Irujok. Sutsu mintzatu zen, ahal
zuen neurrian horiek ebitatzeko. Beti damutu zen beste batzuk gertatzea galarazi
ezin izan zuelako, ahal zuen guztia egin bazuen ere. Bere ustez, pertsonen eta
herrien elkarbizitza balio kristau eta aurrerakoietan errotutako ordena zuzen
batean oinarritu behar zen. Printzipio horietan oinarritu zuen bere lana. Karterarik
gabeko ministro, hasieran (Euskal Estatutua onartzeko baldintza jarri zion,
Largo Caballerori horretarako, eta 1936ko urriaren 1ean onartu zen), eta Justizia
ministro 1937ko maiatzetik, karguaz jabetu zen baldintza bat argi jasoaraziz:
epaitegiek epaitzeko askatasuna izango zutela.

‘Epaitegiek presiorik edo diktaturik gabe lan egin ahal izatekotan, epaitzeko
askatasuna izatekotan’ zehaztu zuen berak. Bere lanik behinena gerra giza
legez egitea izan zen, espetxeetan ordena zuzenagoa ezartzea, presoen eta atxilotuen
eskubideak ekintza arbitrarioen aurka babestea. Gainera, ahul eta babesgabeenen
salaketak bideratzen zituen ‘Tribunal de Cuidado’ izenekoaren sorrera
sustatu zuen. Hala eta guztiz ere, Goardiako Auzitegiak sortzeak eta Ministroen
Kontseiluko presidente Juan Negrinek epaitegiak gogorrak izan zitezen eta Errepublika
babes zezaten egindako gomendio bortitzek dimitiarazi zioten.

Sari honek Manuel de Irujo ministroaren, gizatasunez jositako gizon haren, izen
eta jokabide onak zabaltzeko balio izango du, epaitegien independentziaren alde
lan egiteagatik nabarmendu baitzen, bereziki, garai zail haietan. Eta hori da,
zalantzarik gabe, gaur egun Justizia Administrazioaren funtzionamenduaren oinarrizko
zutebea, denok eskatzen baitiogu independentzia eta inpartzialtasuna. Garrantzitsua
da justiziak dagokion lekua berreskuratzea hiritarren artean, justizia osasuntsu
eta inpartzialak egiten duelako demokrazia sendoagoa eta indartsuagoa.

Herritarrak askotan aurkitzen dira konplexuegi eta motelegiak diren prozeduren
aurrean, beren kausarako justizia bila dabiltzanean. Hori dela eta, justizia
eraginkorrago eta gardenagoaren alde egiten den guztiak, errezeloak gutxituz,
iritzi hobea sortzen lagunduko du.

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren ustez, bere egitekoen artean justizia
eta herritarren arteko hurbiltze bat sustatzea eta, modu horretan, egon litezkeen
mesfidantzak ezabatzea dago, baita justiziaren erabiltzaleak informatuta edukitzea
ere, justiziarekiko esperientzia baikorra izan dezaten. Justizia oinarrizko
zerbitzu publikoa da, eta horrela aurkeztu behar diegu herritarrei.

Europa herrien arteko harreman mota berri gisa agertzen ari den une honetan,
komenigarria da gogoratzea Manuel de Irujo protagonista garrantzitsua izan zela
europarzaletasun benetakoaren sorreran, berak irmoki sisnesten baitzuen horretan.
Bere babespean eratu zen 1948an, Pariseko Euskal Ordezkaritzan, Europar Mogimenduaren
Espainiako Kontseilu federala, Salvador Madariaga presidente eta Manuel de Irujo
presidenteorde zituelarik.

Asko ziren Lizarratarraren bertuteak, zeinaren lana jasotzen dugun gaur, atseginez.
Estatu osoko justiziako profesionalek harrotasunez berreskuratzen dute beren
ordezkaririk behinenetako bat. Irujorena bezalako nortasun bat, udako haize
freskoa bezain bizigarria izango litzateke, gaur egun, gure gizartearentzat.
Fuente: Eusko Alkartasuna