Mikel Irujo, portavoz de EA Euskal Herriak zazpi herrialdez osatutako herri independentea izan behar duela argi dauka Eusko Alkartasunak. Horren alde aritu da lanean orain arte. Eta horren alde jarraituko du lanean datozen lau urteetan ere. EAk «azken muturreraino» defendatuko du Euskal Herriaren independentzia, Mikel Irujo bozeramaileak esan duenez.

Euskal Herriak zazpi herrialdez osatutako herri independentea izan behar duela argi dauka Eusko Alkartasunak. Horren alde aritu da lanean orain arte. Eta horren alde jarraituko du lanean datozen lau urteetan ere. EAk «azken muturreraino» defendatuko du Euskal Herriaren independentzia, Mikel Irujo bozeramaileak esan duenez.

Igandean egingo diren hauteskundeetan Euskal Herriko zati batek baino ez duela parte hartuko gogoratu du Irujok. EArentzat, ordea, lurraldetasunaren defentsa ezinbestekoa da herriaren eraikuntzan, eta ez du etsiko aldarrikapen hori gauzatu arte. «Lurraldetasuna modu erradikalean defendatuko dugu toki guztietan», adierazi du. Eta defentsa hori «konplexurik gabe» egingo dutela gaineratu.

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidentearekin eta Manex Pagola Iparraldeko EAko idazkari nagusiarekin batera egin du ekitaldia Irujok, Gasteizen. Rafa Larreina EAko Arabako zerrendaburua ere izan da lurraldetasuna hizpide izan duten ekitaldian. Argentinako Alkartetxetik ere elkartasun mezua jaso du EAk, hango presidente Cesar Arrondoren eskutik. Euskal diaspora Euskal Herriko «zortzigarren herrialdea» dela iritzi dio EAk, eta harekin hartu-emanak indartu eta haren parte-hartzea sustatu nahi duela gogoratu du Irujok.

Erabakiak, Madrilen

Espainiako nazionalismoak «Euskal Herriko eraikuntzaren aurka» duen jarrera hizpide izan du Maiorga Ramirezek. Haren ustez, Espainiako nazionalismoak «mozorroaren estrategia» erabiltzen du herriaren eraikuntzarekiko konpromisoak irudikatu nahian. Ordea, Euskal Herria nazio gisa aurrerapausoak ematearen aurka daudela ohartarazi du.

PSNk duela bi urte Nafarroan izandako jokabidea hizpide hartu du EAko buruak PSEren asmoei buruz hitz egiteko. Ohartarazi du PSE ez dela «alderdi autonomoa» eta ez duela bere kabuz erabakitzeko gaitasunik. Horrela, Ramirezek ziurtzat jo du PSE-EEk martxoaren 1etik aurrera hartuko dituen erabakiak Ferrazen erabakiko dituztela, «Jose Blancoren bulegotik». Nafarroan PSNrekin hala gertatu zela gogoratu du. «Nafarroan gehiengo batek aldaketa progresistaren aldeko boza itxaropenez eman zuen eta Jose Blancok, bere hauteskunde interesei begiratuta, erabaki zuen hobea zela Gobernua Sanzi ematea». Jaurlaritzan ere «iruzur bera» egingo du PSEk, haren ustez.

Fuente: Edurne Begiristain/Berria