Martin Aranburu
Frantziar Estatuko hauteskundeetan emaitza harrigarria ezagutu genuen igandean:
Le Pen ultraeskuindarrak Jospin lehen ministro sozialistari aurrea hartu zion
eta bigarren itzulitik kanpo utzi zuen. Emaitza horrek agerian uzten du gaur
egungo Europa mendebaldean nagusi den batzuen eta besteen arteko balore desberdintasuna.
Britainia Handitik eta Alemaniatik datorkigun sozialdemokrazia erdizaleak eta
kapitalzaleak sozialismo posible bakarra balitz bezala aurkezten digu bere burua;
neoliberalismoaren aurkako borroka galdutzat jotzen du eta globalizazioa deritzagun
prozesu geldiezin hau humanizatzeko nahia du. Blair eta Schroederren politikek
jopuntua izan dute azken urteetan.
Europa mendebaldeko
gobernu batek izan behar dituen helburuak eta aplikatu behar dituen neurriak
dudan jarri dira sozialdemokraziaren beste irakurketa batek eragindako neurrien
aplikazioagatik. Politika horiek pizgarri izan dira ezkerraren etorkizunaren
debaterako. Ezkerrak kokalekua behar zuen, neoliberalismoaren alternatibak izan
zitezkeen sozialismoaren irakurketa desberdinek porrot egin eta gero. Bestela
esanda, autoafirmazio berria behar zuen, eskuinaren alternatiba izan zitekeela
bere buruari sinistaraziz eta bere alternatiba gizartearen aurrean aurkeztuz
eta bere konfiantza lortuz.
Frantziako sozialismoak
autoafirmazio puntu hori ekarri du nire ustez. Beste aukera batzuekin alderatuta,
ezker ikuspuntu errealista baten froga garbia izan da. Halere, neurri horiek
ideologia bat dute oinarri, eta ideologiaren abiapuntu dira baloreak. Elkartasun,
gutizia, berdintasun baloreak ez dira Frantziako populazioaren portzentaje handi
baten baloreak, bestelako batzuk baitira, antza, garrantzitsuagoak eta bat premiazkoa:
norbere burua. Komunistek, troskistek eta sozialistek helburu bat dute: gizartea.
Gizartea bere osotasunean, berau betetzen duten pertsonak zuriak edo beltzak
diren erreparatu gabe, bertan jaioak edo etorriak diren kontuan hartu gabe.
Frantziako gehiengoa, ordea, ez dator bat planteamendu honekin, eta gizartea
helburu duten planteamendu politikoak alde batera utziz gizabanako indibiduala
(eta zuria) helburu duten ideologien aldeko apustua egin du, Chiracen zein Le
Penen aldeko botoa emanez.
Ez nuen uste Frantziak
horrela erantzungo zuenik, baina ezkertiarrak garenok onartu egin behar dugu
gizartea helburu dugunok gutxiengo bat garela han eta hemen. Beraiek agian aldatu
dituzte baloreak, baina, egungo gizartera moldatzeagatik ezkerrak bere baloreak
aldatuko balitu, ez litzateke gaur egungo alternatiba bakarrik izango galdua,
baita etorkizunekoa ere.

Fuente: Eusko Alkartasuna