2015eko abenduaren 3a, euskaldunontzako aldarrikapen eguna: EUSKARAREN EGUNA. Urtea bere azken txanpan dagoenean, olatua hartzen dugu berriro eta lemak zerura jarriz, harrotasunez oihu egingo dugu gurea den euskara lau haizeetara zabalduz.

“Herri bat hizkuntza bat”, “Euskara da euskaldun egiten gaituena”, “365 egun euskaraz”… Esaldi borobilak, barrutik azaleratzen zaizkigun leloak. Baina argi berba egin dezagun: euskara hizkuntza gutxituen zerrendan dago. Bai, herri txikia gara eta normaltzat hartu beharko genuke zerrenda horretan egotea. Baina urteak joan eta urteak etorri ahala hiztun kopurua handitzen ez bada, zerbait oker egiten ari garenaren seinale da.

Egoera horri aurre egiteko lanean bi maila daude. Batetik, erakundeek ardura handia dute. Aurrekontuak egiteko lanean daude orain, eta euskararen aldeko apustua dirutan erakutsi behar da: Euskal kulturak, helduen ikasketak, etorkinek ikasteko dirulaguntzak, aisialdia euskaraz gozatzeko programazioak,… horiek denek diru partida zehatzak behar dituzte. Dirua eta konpromisoa. Hainbat erakundeetan aurrerapauso naturalak eman dira azken urteotan, euskaraz lan egiten den eremuak bihurtuz. Aurrerapauso horiek mantendu egin behar dira, alderdikeriarengatik alferrik galtzen uztea arduragabekeria handia litzateke.

Eta norbanakoek, euskaldun sentitzen garenok ere badugu zeresana eta zeregina. Guztion ardura da gure hizkuntza zaharraren zabalkuntza, denon ardura da ahoa irekitzerakoan euskaraz aritzea. Aitzakiak asko, zentzuzkoak gutxi.

Abenduaren 3aren inguruan sare sozialetan, prentsan, irratian, telebistan euskararen aldeko milaka adierazpen, aldarri, promesa irakurri, entzun eta ikusteko parada izaten da. Guztietan mezu berbera: Euskara gurea da, gure nortasunaren adierazle. Egia da, baina bizirik mantentzea gure esku dagoela gehitu behar da. Baina herri honetako eragileek euskara ardatz nagusi bezala ulertzen ez duten bitartean, akabo.

Era berean zorionak eta eskerrak eman behar dizkiegu gure artean bizitzera etorri eta euskara ikasi duteneni. Zorionak, herri bat ulertzeko eta ezagutzeko bere hizkuntza ikastea ezinbestekoa dela ulertu dutelako eta eskerrak, eredu bihurtu direlako: euren burua euskalduntzat duten askorentzako euskararekiko beraiek baino jarrera hobeagoa erakutsi dutelako.

Beraz, zuek!!, gure hizkuntza erakusleiho kanpotik begira zaudeten guztioi, zuei, deialdia luzatzen dizuegu. Euskararen trena martxan ari da etengabe. Jesarleku nahiko ditu guztiontzat eta tiketak erosteko leihatila irekita mantentzen da eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. Bidaian ez zarete aspertuko, lagun asko egingo dituzue eta giro ezin hobea aurkituko duzue.

Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, Aldarrikapen Eguna. Zer, euskararen trenerako tiketa erosteko prest? Zatoz eta gozatu, merezi du. Eta ez ahaztu: hizkuntza bizirik mantentzeko, eman ahoari.