Begoña Errazti eta Mikel Irujo GA, JERC eta Chobellana Aragonesistako kideekin bildu ziren atzo
Igande honetan izango diren Europako hauteskundeetan gazteek parte hartzea ezinbestekoa dela esan zuen Eusko Alkartasuneko lehendakari Begoña Erraztik, eta boza ematera joateko eskatu zien: «Garai historikoa da, Europako Batasunean erabakitzen denak eragina duelako gure herrien etorkizunean, eta, beraz, gure gazteengan». EAko presidenteak alderdi horretako hautagai Mikel Irujorekin batera agerraldia eskaini zuen atzo Gasteizko Alkartetxean, EA, ERC eta CHAko gazteekin batzartu ostean.

Erraztiren ustetan, Herrien Europa koaliazioak Katalunia, Aragoi eta Euskal Herriaren arteko loturak sendotzen ditu. Ildo horretan iritzi zion EAk, ERCk eta CHAk ezaugarri komun bat dutela, hots, «ezkerreko alderdiak garela eta gauzak aldatu nahi ditugula». Bere esanetan, herri desberdinak izanagatik, guztiek «errespetua» diete estaturik gabeko nazioei eta herrien elkartasuna bermatzeko lanean jarduten dute.

Erraztik ez ezik, alderdietako gazte erakundeetako ordezkariek ere hitz egin zuten atzoko agerraldian. Hala, Andoni Iturzaeta Gazte Abertzaleetako (GA) idazkari nagusiak argi adierazi zuen zeintzuk diren Europari begira dituzten helburuak: «Europa desberdin baten izar alternatiboa izan nahi dugu». GA, JERC eta Chobellana Aragonesista gazte erakundeek «Europa soziala, herrien Europa eta Europa demokratikoa» eraikitzeko nahia azaldu zuten atzo hitzartutako idazki batean.

Bestalde, Laura Ribalaiga JERCeko kide eta Herrien Europako hautagaiak eta Daniel Ripa Chobenalla Aragonesistako ordezkariak Galeusca hautagaitzaren aurka jo zuten. Ribalaigaren esanetan, CiU alderdiak «eskuin regionalista» ordezkatzen du eta, beraz, ez ditu Kataluniako eskubide nazionalak Europan bermatuko. Bestalde, Ripak «ezkerreko Europa» baten beharra azpimarratu zuen, eta helburu hori «eskuineko alderdiekin» batera lortzea ezinezkoa litzatekeela gaineratu zuen.

Jatorria: Begoña Errazti