EAko presidente Begoña Errazti Katalunian izan da, EAren eta ERCren artean egindako jardunaldietan parte hartzeko; urte politiko berrian landuko dituzten gaiak izan dituzte hizpide
EAko presidente Begoña Errazti, alderdiko hainbat kiderekin batera, Bartzelonan izan da egunotan, EAren eta ERCren artean egindako jardunaldietan parte hartzeko. Horietan alderdiok Kataluniako Parlamentuan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan landu beharreko gaiak aztertu dituzte modu bateratuan.

Atzo, jardunaldietako bigarren egunaren ostean, Erraztik eta ERCko idazkari nagusi Josep Lluis Carod-Rovirak prentsaurrekoa eman zuten. Kataluniako eta EAEko estatutuen erreformak «aurrerapauso bat besterik ez» direla nabarmendu zuten, «inolaz ere ez helmuga». Horrela, Carod nahiz Erraztik Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentzia lortu nahi dutela baieztatu zuten, «Europako Batasunaren barruan».Erraztik Berriari atzo adierazi zionez, jardunaldiotan bi gai izan dira nagusi: Europako Konstituzioaren inguruan hartu beharreko jarrera bata eta «Espainiari begira nazio aniztasunaren defentsan hartu beharreko bidea» bestea. Azken ildo horretan, Erraztiren aburuz, kontuan hartu behar dira Katalunian nahiz Euskal Herrian estatutuen erreformaren inguruan sortutako eztabaidak, «gizarteak esparru berri bat eskatzen duela» erakusten baitute.

Horren ildotik, EAko presidentearentzat autodeterminazio eskubidea eskatzea baino haratago doazen aurrerapausoak eman behar dira: «Heldu da unea ez autodeterminazio eskubidea eskatzeko, baizik eta praktikara eramateko». Bere ustez, Espainiako alderdiek euskal eta kataluniar gizarteen erabakitzeko ahalmena onartu behar dute, eta, era berean, erabakitzen duten hori errespetatu. Bide horretan, Erraztirentzat «ezinbestekoa» da erreferenduma egitea, «gizartearen jarrera zein den jakiteko». Gaineratu zuenez, hori gauzatzera bideratuko dute euren hurrengo hilabeteetako lana EAk eta ERCk. Bestetik, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin alderdietako buruekin egiten ari den bilera sortaren barruan berarekin biltzean eskaera hori egingo duela esan zuen Erraztik.

Deia Espainiako Gobernuari

Espainiako Gobernuak ezin diola «aldatzen ari den errealitateari» ez ikusiarena egin adierazi zuen Erraztik. Horrela, orain arteko «espainiar pentsaerako dinamika zaharrak» hausteko deia egin zion Zapateroren gobernuri; Espainiako nazio aniztasuna onartzeko eskatu zion.

Izan ere, Erraztiren iritziz, argi dago Espainiaren barruan bi nazio Katalunia eta Euskal Herria bereizi egin direla, burujabetzaren bidean «aurrerapausoak eta eztabaida» eskatuz. Puntu horretan, Erraztik azpimarratu egin zuen Kataluniako eta Euskal Herriko burujabetza areagotzeko abiatutako proposamenak «zilegiak eta legezkoak» direla. Bere iritziz, nazioek horretarako duten zilegitasuna ukaezina da; legezkotasuna, aldiz, Estatutuaren erreforma lantzeko hautatutako bideak ematen dio: «Foro demokratikoak erabiltzea proposatzen dugu, parlamentuak kasu».Legezkotasun eta zilegitasun horiek direla eta, eztabaida guztiz demokratiko da Erraztirentzat. Dioenez, prozesua geldiarazi nahi dutenak argudio gabe gelditzen dira: «Zein argudio dute? Pauso guztiei ezetz esango diete, ez dutelako nahi halakorik gertatzea edo espainiar nazioaren osotasuna defendatzen ari direlako. Baina erreforma prozesuaren izaera demokratikoa onartu beharko dute. Baita hemen beste nazio batzuk badirela ere».

Aurtengoa, hamabigarren jardunaldia

Aurtengo jardunaldia EAk eta ERCk batera egin duten hamabigarrena izan da. Bertan honako gai hauek jorratu dituzte, aurrez aipatutakoez gain, besteak beste: bakea, immigrazioa, garapen ekonomikoa eta kultur eta gizarte ongizatea. Gizarte ongizatean eta antzeko gai sozialetan EAren eta ERCren politikak oso antzekoak direla nabarmendu zuen Erraztik.

Jatorria: Begoña Errazti