JUANJO AGIRREZABALA Legebiltzarreko Mahaiak tabletak erosteko lizitazioa bertan behera uztea erabaki du, EH Bilduren eskaria aintzat hartuz. “Arrazoiaren garaipena” izan dela dio koalizioak, eta bide horri jarraituko diola ohartarazi du, “diru publikoa arduraz erabili behar delako”.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 100 tablet erosteko lizitazioa bertan behera uztea erabaki du gaur goizean, iragan astean EH Bilduk eginiko eskariaren ondorioz. Koalizioaren ustez, Mahaiaren erabakia ezin da ulertu EH Bilduk berak eta azken egunotan euskal jendarteak, sare sozialetan eta Legebiltzarrean bertan zuzenean, esaterako, egindako presioa kontuan hartu gabe. “EAJ, PSE eta PP mugiarazi ditugu eta atzera egin behar izan dute presio horren ondorioz; agerikoa da, beraz, herritarron esku dagoela tabletena bezalako arduragabekeriak geldiaraztea”, dio Juanjo Agirrezabala EH Bilduko legebiltzarkide eta Legebiltzarreko lehenengo presidenteordeak.

“EH Bilduren eta sen onaren garaipentzat” jo du gaurko erabakia Juanjo Agirrezabalak, “guk lizitazio hori salatu ez bagenu, EAJk, PPk eta PSEk azken muturreraino eramango zutelako prozedura, gastu horretarako inolako justifikaziorik eta beharrik egon gabe”.

EH Bilduk lan ildo honi eutsiko diola ziurtatu du, diru publikoaren arrazoizko erabilera eta horren gaineko kontrol publikoa bermatze aldera, eta irizpide horri jarraituz, orain arteko dinamika desegokiak aldatzeko neurri zehatzak proposatuko ditu aurrerantzean.

Jatorria: EH BILDU