Legebiltzarrak kargu politikoen zein funtzionarioen soldatak izoztea aurreikusten du. Juanjo Agirrezabalaren ustez, “ez da bidezkoa guztiei neurri bera aplikatzea”. Azpiko mailako langileei soldata igotzea planteatu du.

Juanjo Agirrezabalak Legebiltzarraren aurrekontu-proiektua babesteari uko egin dio Mahaian EAJk, PSEk eta PPk EH Bilduren proposamenak baztertu ondoren. Alderdi horien ordezkariek aurrekontua ontzat eman eta Erregelamendu eta Gobernurako Batzordera bideratu dute, behin betiko onartzeko.

Agirrezabalak azaldu duenez, “gaur egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta eta legebiltzarkideok ditugun soldatak ikusita, EH Bilduk %3,5eko jaitsiera proposatu du kargu politikoen soldatetan, baina EAJk, PSEk eta PPk neurri hori baztertu dute, eta 2013an Legebiltzarreko soldata guztiak, langileenak barne, izoztea erabaki dute”. Koalizioaren ustez, ordea, “ez da bidezkoa guztiei neurri bera aplikatzea, egoerak oso bestelakoak direlako”. Horregatik, legebiltzarkideen soldatak jaistea planteatzeaz gain, Agirrezabalak soldaten izoztea goi eta erdi mailako funtzionarioei bakarrik aplikatzea proposatu du, eta KPIren araberako soldata igoera defendatu du, aldiz, azpi mailako langileen kasuan.

Bestalde, EH Bilduren ordezkariak Legebiltzarrak kultura arloko hitzarmenak bertan behera utz ditzala eskatu du, diru-laguntza horiek Jaurlaritzak bideratzea egokiagoa delakoan. Halaber, segurtasun instituzionalari dagokion aurrekontu atalean %20ko jaitsiera proposatu du, “lan hori enpresa pribatuek egin beharrean, Segurtasun Saila pixkanaka-pixkanaka bere gain hartuz joan dadin”.

Agirrezabalak positibotzat jo du, ostera, aurrekontu-proiektuak dietak ordaintzeko kapituluan aurreikusten duen jaitsiera. Izan ere, gogorarazi duenez, “EH Bilduren ekimenari esker hemendik aurrera dietak kobratzeko ezinbestekoa izango da fakturak aurkeztea, eta horrek %20 inguru aurreztea ekarriko du atal horretan”.