EH Bilduk 2020ko Bizkaiko aurrekontuetan euskal kulturaren transmisioa bermatzeko neurri zehatzak sartzeko proposamena egingo duela adierazi du Meritxell Elgezabalek gaur Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran.
Euskal kulturgintzako sektorean kezka dagoela azaldu du EH Bilduko batzarkideak, “euskal kulturaren kontsumoan beherakada eman delako azken urteetan”. Ohitura eta zabalkundean eman diren aldaketen ondorioz, “atzerriko eta erdal erreferentziak nagusitasuna hartzen hasi dira eta horrek eragina dauka transmisioan”.
Bizkaiko Diputazioa euskal kulturan eragilea ere badenez, baliabideak, tresnak, programa eta proiektuak garatu behar ditu euskal kulturaren transmisioa bermatzeko, “neurri estrukturalak behar ditugulako”, esan du Elgezabalek. Jokoan asko dagoela, azpimarratu du: “gurea kultura gutxitua da eta ezin dugu permititu gure ondarea galtzen uztea”.