JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak zentral nuklearraren bizitza 2019ra arte luzatzeko espainiar Gobernuaren erabakia salatu du, arazo tekniko handiak dituelako eta, istripua gertatuz gero, milaka lagunen bizitza arriskuan egongo delako.

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak EAk bultzatutako adierazpen bat onartu du, Garoñako zentral nuklearra 2013ko uztailean, egun indarrean dagoen ustiapen baimena amaitutakoan, behin betiko ixtearen alde. Legebiltzarreko gehiengoak, beraz, Garoña ixteko data 2013ko uztailaren 6an kokatu zuen Industria Ministerioaren agindua bertan behera uzteko asmoari uko egin diezaiola eskatu dio espainiar Gobernuari.

Juanjo Agirrezabalak agerian utzi ditu zentral nuklearrak dituen gabezia teknikoak eta, horren ildotik, adierazi du espainiar sistema energetikoaren barruan Garoñak duen pisuak ez duela inolaz ere justifikatzen horrelako segurtasun arriskuak onartzea, istripu bat gertatuz gero milaka lagunen bizitza arrisku larrian egongo baita.

EAko legebiltzarkidearen iritziz, ez dago inolako justifikaziorik zentrala ustiatzeko baimena 2019ra arte luzatzeko, datuek argi uzten baitute Garoña ez dela ezinbestekoa espainar sistema energetikorako. Hori guztia dela eta, Agirrezabalak euskal gizartearen borondatea errespetatzeko eta Garoña behin betiko ixteko eskatu dio Rajoyren Gobernuari. Hala ere, gogora ekarri du PSOEk eta EAJk arazo honetan duten erantzukizuna. Izan ere, Zapateroren Gobernua izan zen zentrala 2009an ixteko aukera izan zuena, baina inolako beharrik gabe 2013ra arte irekita mantentzea erabaki zuen. Eta EAJk, bere aldetik, zentral nuklearren bizitza baliagarria 40 urtetik gora eramatearen aldeko bozka eman zuen iaz Kongresuan, ordura arte legediak ezarrita zeukan muga bertan behera utziz.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA