Eusko Alkartasunako Ohiko Biltzar Nagusiak Pello Urizar berrautatu du idazkari nagusi bere hirugarren agintaldirako. Azken asteburuan burutu du Eusko Alkartasunak “Etorkizuna ereiten” lemapean egin den XII. Ohiko Batzar Nagusia Donostiako UPV/EHUko kanpuseko Ignacio María Barriola eraikinean. Urizarrekin batera, Mariano Alava, Antolakuntza idazkaria, Iria Epalza, Komunikazio idazkaria eta Iker Ruiz de Egino bozemaleak osatu zuten zerrenda hautatu zuten biltzarkideek.

Euskal Herriko herri erakunde guztietatik eta diasporatik etorritako 300 biltzarkide baino gehiagok parte hartu zuten Ponentzia politikoaren eta Estatutukoaren eztabaidan. Politikoak hurrengo agintaldirako ibilbide ideologikoa zehazten du eta Estatutukoak barne kudeaketaren eredua.

Larunbateko jardunaldian batzorde ezberdinetan aztertu eta eztabaidatu ziren testuak hobetzeko asmoz aurkeztu ziren 350 emendakinak. Era berean, emendakinen egileek eta ponentziaren egileek ahalegin handia egin zuten akordioak lortzeko, testurik onenak osatzeko.

Igandean, dokumentuak behin betiko onartu ziren eta biltzarkideek legegintzaldi berrirako barne karguak onartu zituzte: Batzar Nazionaleko 75 kide, Nazio Bermapide Batzordea eta aipatutako Nazio Batzorde Eragilea.

Kontseilu Nagusia

Estatutu txostenaren onarpenak batzorde berri baten sorrera ekarri zuen: Kontseilu Nagusia. Aholkularitza funtzioa duen batzorde honek, orain arte zuzendaritza nagusian txertatuta zeuden idazkaritza sektorialak barnebiltzen ditu eta ekarpen ideologikoak egitea izango du helburu.

Batzorde honetako kideak honakoak izango dira: Edriga Aranburu (Zuzenbideko eta Erakunde Koordinazioko arduraduna), Lohitzune Txarola (Bizikidetza eta Giza Eskubideak), Jokin Melida (Azterlana eta Prestakuntza), Arritokieta Zulaika (Gizarte Politikak eta Aniztasuna), Andone Salbarredi (Hizkuntza, Kultura eta Euskara), Roke Akizu (Lurralde Antolamendua eta Ingurumena), Lorena López de Lacalle (Nazioartekoa) eta Jon Peli Uriguen (Ekonomia eta zerga politika).