Juanjo Agirrezabala Juanjo Agirrezabalak onartezintzat jo du jendea atxilotzea “ustez erakunde politiko bateko kideak direlako”. “Euskal Herrian irekitako bidea oztopatu nahi izatea” egotzi dio espainiar Gobernuari, baina, ziurtatu duenez, “ez du hori lortuko prozesu hori geldiezina delako”.

Segiko kide izatea egotzita espainiar Poliziak zortzi lagun atxilotzea kritikatu du Eusko Alkartasunak, “demokrazian ezin delako delitu izan erakunde politiko bateko kide izatea”, Juanjo Agirrezabalak salatu duenez. Ondorioz, “onartezina da horregatik pertsona horiek atxilotu izana”.

Atxilotuei eta haien senideei alderdiaren elkartasuna adierazi eta gero, EAko legebiltzarkideak haien askatzea eskatu du, “politika egiteko eta herri honetara bakea ekartzeko lanean ari den jendea atxilotzeak zentzurik ez duelako”. Operazio honen atzean “espainiar Gobernuak Euskal Herrian ireki den prozesua oztopatu nahia” dago, bere irudiko, baina ohartarazi dio ez duela hori lortuko “prozesu hori geldiezina delako”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna