Jesus Mari Larrazabal Jesus Mari Larrazabalek Legebiltzarrak atzo onartutako ekimena babestu du, baina ez du espero sozialistek eta popularrek neurri praktikoak hartzea talde polizialek, parapolizialek eta ultraeskuindarrek herri honetan pairatutako sufrimendua aintzat hartzeko.

EAk bat egin du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak atzo aho batez hartutako erabakiarekin, sei hilabeteko gehienezko epearen barruan Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeriaren biktimei kalte-ordaina emateko proposamen bat aurkez dezan, pasa den legealdian orduko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Jon Mirena Landak egindako planteamenduari jarraiki. Landak 2008ko ekainean aurkeztutako txostenari jarraipena eman nahi dio orain Legebiltzarrak, Giza Eskubideen Batzordearen ebazpenaren arabera.

Hala eta guztiz ere, Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak eszeptizismoz hartu du Batzordearen erabaki hori eta ez du uste PSEk eta PPk talde polizialek, parapolizialek eta ultraeskuindarrek eragindako sufrimendua aintzat hartzeko benetako borondatea dutenik. Beraz, ez du espero Jaurlaritzak Legebiltzarraren eskakizun hori behar bezala betetzea. Bere hitzetan, “gaur ezin dugu espero ez PSEren aldetik, ez PPren aldetik indarkeria politikoaren biktimen edo haien senitartekoen aldeko inolako neurri praktikorik. Batzordeak hartutako akordioa ondo idatzita egon daiteke baina ez da komeni zerbait gehiago espero izatea”.

Larrazabalen irudiko, bitxia da PSEren eta PPren jarrera, iragan legealdian Jon Mirena Landaren txostena oso gogor gaitzetsi zutelako, “nazkagarria” eta “terrorismoaren biktimentzat iraingarria” zelakoan. “Orain azaldu beharko lukete zergatik lehen nazkagarria zena orain abiapuntu egokia den; erantzuna, dena den, oso erraza da: orain beraiek gobernatzen dute eta ez dute, beraz, besteen sufrimendua lotsarik gabe erabili beharrik ikusten Jaurlaritza desgastatzeko“.

Jatorria: Eusko Alkartasuna