Jon Aritz Bengoetxea zuzendaritza nazionaleko kideak parte hartu du gaur goizean ESAITek antolatu duen Euskal Selekzioaren Egunean

Urtero bezala, Eusko Alkartasunak bat egin du gaur goizean euskal selekzioen ofizialtasuna, euskal kirolariek nazioartean ere Euskal Herria ordezkatzeko duten eskubidea, alegia, aldarrikatzearren ESAITek Behobian antolatu duen festa erreibindikatiboarekin.

Euskadiko Batzorde Eragileko Euskara, Hezkuntza eta Kultura idazkari Jon Aritz Bengoetxeak ESAITek antolaturiko Euskal Selekzioaren Egunean parte hartu du EAren izenean. Gogorarazi duenez, Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna EAren etengabeko aldarrikapena da; izan ere, euskal gizartearen gehiengo zabal batek normaltzat jotzen du euskal kirolariek nazioarteko txapelketa ofizialetan euren herria ordezkatu ahal izatea, eta ez, orain gertatzen den moduan, derrigorrez Espainiako edo Frantziako koloreekin parte hartu behar izatea.

EAren iritziz, Madrilgo eta Parisko gobernuen oposizioa oposizio, eskari hori errealitate bihurtzeko biderik eta tresnarik egokienak adosteko ordua iritsi zaigu aldarrikapen horrekin bat egiten dugun eragile sozial eta politiko guztioi.

Espainiar eta frantziar estatuen ahalegin homogenizatzaileak geure errealitate nazionala sistematikoki ukatzen duen bitartean, EAn argi dugu Euskal Herria nazio bat dela eta, beraz, nazioarteko kirol txapelketetan ordezkaritza zuzena izateko eskubidea duela. Bakarrik euskal nazioa izan badela aitortzeari dioten beldurrak azaltzen du Euskal Herriko selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzearen aurkako bi estatuen erresistentzia.

Jatorria: EA