Maiorga Ramirez Eusko Alkartasunako Nafarroako lurralde idazkariak eta Txelui Moreno Ezker Abertzaleko ordezkariak prentsaurreko bat eskaini dute udan zehar Nafarroan bi formazioen artean izan diren kontaktuetan zehar lortutako akordioak, landutako edukiak eta haien garapena zein izan den jakinarazteko.

“Iragan ekainaren 20an Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak Bilboko Euskalduna Jauregian sinatu genuen akordio estrategikoaren ondoren, hitzarmena Nafarroatik, lurralde honek dituen berezko ezaugarriak kontuan izanik, landu nahi izan dugu. Hamarkadetan zehar eskuin nafar foral eta espainolak sustatu duen bazterketa, marjinazioa eta gure hizkuntza, kultura eta printzio demokratikoen kontrako erasoak jasan behar izan ditugu abertzaleok. Eskuinak bazterketa, marjinazio eta eraso hauen bitartez Nafarroa bere Kortijo propioa bailitzan gobernatu ahal izan du”, azaldu dute.

“Jarrera honen aurrean Nafarroako gizarteak erantzun du eta argi eta garbi adierazi du aldaketa politiko eta soziala nahi duela. Egoera honen aurrean gai izan behar dugu orain arte elkarrekin lan egiten utzi ez diguten oztopoak gainditzeko eta Nafarroako herritar gehiengoak eskatzen diguna ahalbidetzeko. Nafarroak Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan erabaki ahal izatea eta bere erabakiak hartu ahal izatea nahi dugu hemen gaur agertzen garenok”.

“Zentzu honetan, nazio mailan gatazka gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko garatzen ari den lanarekin batera, Nafarroan bi formazioen arteko akordio bat lortu dugula ezagutarazten dugu, gure herrialdean hain antsiatua den aldaketa politiko eta soziala sostengatuko luketen oinarrien inguruan. Akordio honek dekalogo itxura dauka ulergarriagoa egiteko, eta ondoren atal bakoitzak neurri zehatzekin bere garapena izango luke”.

“Agerraldi honen bidez azpimarratu nahi dugu hilabete hauetan zehar gure lanaren eduki eta helburuen inguruko intoxikazio eta manipulazioa jasan izan dugula. Horregatik argitu nahi dugu indar metaketaren bidean aurrera egitea duela helburu, bi indarron artean zehaztu ditugun helburu estrategikoak lortzeko, beti ere formazio bakoitzak orain arte jarraitu duen bidea eta defendatzen duen proiektu ideologikoa errespetatuz”.

“Argi utzi nahi dugu EAk eta Ezker Abertzaleak Nafarroan izan ditugun bileretan ez dugula hauteskundeei buruz hitz egin. Landu den bakarra edukiak izan dira. Era berean edukien inguruan egin den lan eta akordioaren ondoren hurrengo urratsa, herrialdeko agente politiko, sindikal eta sozialekin biltzea izango dela jakinarazi nahi dizuegu; dekalogo hau eta lantzen ari garen eskubide guztiak bermatuak egongo diren eszenatokia lortzeko gutxiengoen inguruko proposamena” lehen eskutik azaldu eta era honetan beraien ikuspuntua, kritikak eta aportazioak jasotzeko”.

“Azkenik errepikatu nahi dugu akordio hau Lortu Arte agiriaren aplikazioaren parte dela Nafarroako espezifizitateari egokitua; eta honen eta gutxiengo demokratikoen agiriaren helburuak Nafarroaren aldaketa politiko eta sozialerako gakoak zehintzuk diren zehaztea eta normalizazio politikorako eta konfliktua gainditzeko urratsak ematea direla”.

“Momentu honetan, hasi dugun bidean oraindik askoz ere urrats gehiego eman beharko ditugula badakigu”.

PDF: Ikusi PDFa
Jatorria: Eusko Alkartasuna