Eusko Jaurlaritzako Lan, Justizia eta Gizarte Segurantzako sailburu Joseba Azkarragak esan du alderdi abertzaleek ez luketela Espainiako nazionalismoarekin duten konfrontazioa ekidin beharko.

Halaber, sailburuaren iritziz, alderdi abertzaleek ez dute konplexurik izan behar beraien azken helburua zein den aitortzeko, hau da, independentziaren aldekoak direla aitortzeko.

Azkarragak «azkenaldian alderdi zentralistekin adostasuna lortzeko edozer egiteko gai direnei» buruz hitz egin du. Bere iritziz, alderdi zentralistekin adostasuna lortzeko helburuarekin, pragmatismoa muturreraino eramaten dute hauek. Gainera, nazionalismoaren funtsezko printzipioen alde egiteko, hau da, herriek beraien etorkizuna askatasunez erabakitzeko duten eskubidea defendatzeko, sendotasun demokratikoa beharrezkoa dela esan du.

Halaber, Azkarraga transbertsalitatearen aurka agertu da. Bere ustez, transbertsalitateak «gure herriaren gehiengoaren legezko eskabideak beheratuak izateko eta gure etsaiek gure ideologia desitxuratzeko» bide ematen du.

Sailburuaren iritziz, XXI. mendeko eztabaida estatu zentralistek herrien erabakitze eskubidearekiko errespetua izatea izango da. Bere aburuz, estatu zentralista hauek «ideologia jakobinoa» dute oinarri gaur egun. Gainera, «politika aukeren artetzat» hartzen dutenen aurka azaldu da Azkarraga. Bere iritziz, politika horrela ulertzen dutenek bidean printzipioak ahazten dituzte.

Azkarragak, gainera, politika aukeren artea dela pentsatzen duten politikariak dauden bitartean, eta batez ere, ideologia horretakoak diren pertsonek karguak dituzten bitartean euskal nazionalismoa «gaizki» joango dela adierazi du.

Sailburuaren hitzetan, gainera, Espainiako nazionalismoarekin konfrontazioa ekidin eta hitzarmenak egiten dituztenek, «gure herriaren subiranotasun nahia defendatu beharrean beraien interesen alde egiten dute».

Jatorria: Joseba Azkarraga