Euskadiko Batzorde Eragileak Estrasburgon Espainiaren aurkako salaketen aurkezpena bultzatuko du Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketa debekatzen badu

Eusko Alkartasunaren Euskadiko Batzorde Eragileak, atzo arratsaldean Donostian bilduta, euskal gizarte osoari deitu dio Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen defentsa Europako bihotzeraino eraman dezan, baita espainiar Estatuaren aurkako salaketa ere, azkenean Auzitegi Konstituzionalak susmoak berretsi eta urriaren 25eko herri galdeketa debekatzen baldin badu. Hala gertatuz gero, bere etorkizuna erabakitzeko eta kontsultatua izateko euskal gizarteak duen eskubidea defendatzearren hirukoak adosturiko ekimen honetan pertsonalki parte hartu nahi duen herritar ororen salaketak sustatu eta bideratuko ditu Eusko Alkartasunak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrean, Estrasburgon.

Eusko Alkartasunak kontsultaren aldeko konpromisoa berretsi du eta ez du inolaz ere etsipenez onartuko Konstituzionalaren aldetik ziurrenik iritsiko den debekua. EAn beti esan dugu hasitako bidea ez dela Madrilen, Konstituzionalaren egoitzan, hain zuzen, amaitzen; aitzitik, gurea epe luzerako apustua da eta horretarako euskal gizartearen gehiengoaren konpromisoa dugu. Euskal gizarteak berak eduki behar du azken hitza bere etorkizuna erabakitzeko orduan eta herritar bakoitzak erantzun behar dio, bide baketsuak erabiliz baina tinko, espainiar Gobernuari, iritzia emateko eskubidea ere kendu nahi digu eta.

Espainiar Estatuaren defizit demokratikoak ezagutzen ditugu eta ez dugu inolako konfiantzarik Auzitegi Konstituzionalean, PSOE-PP blokearen presio politikoen menpe baitago; hau dela-eta, Eusko Alkartasunak bere baliabide guztiak ipiniko ditu euskal gizartearen esku Espainia Estrasburgoko Auzitegian salatzeko, Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen Europako Hitzarmena nabarmen urratzen ari baita.

Europa ezin da alde batera geratu eta ezin du gatazka hau bazterretik ikusi, hemen bere etorkizuna askatasunez erabaki nahi duen herri bat dagoelako, bere bizi-kalitatea hobetzeko, guk eginiko akordio eskaintza guztiei muzin egiten dien Estatu baten inposizioa pairatzen ari den herri bat, alegia.

Jatorria: Eusko Alkartasuna