JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak salatu duenez, PSEren oniritziz EAJk eta PPk hitzartu duten legeak udalek kutxetan duten ordezkaritza murrizten du, euskal gizartearen aniztasunaren kontra doa, ez du nazio ikuspegirik eta Kutxabank jeltzaleek eta popularrek kontrolatzea bermatzeko helburua da.

EAJk eta PPk PSEren oniritziz hitzartu duten Kutxen Legearen aurkako bozka eman du Eusko Alkartasunak gaur Eusko Legebiltzarrean, lege hori euskal gizartearen beharrei erantzun beharrean jeltzaleen eta popularren interes alderdikoiak babestera datorrelako. Halaxe salatu du Juanjo Agirrezabalak, eta Kutxabank kontrolatu nahi izatea egotzi die bi alderdi horiei.

EAJk, PPk eta PSEk ez bezala, EAko legebiltzarkideak euskal gizartearen aniztasuna aurrezki kutxen eta Kutxabank-en gobernu organoetan islaturik egon dadila defendatu du. Onartutako Legeak, ordea, pluraltasuna murriztu eta jeltzaleen eta popularren interesak babesten ditu.

Agirrezabalak lege berri honen arabera udalei egokituko zaien ordezkari kopuru eskasa ere salatu du, Lurralde Historikoek gainezkako ordezkaritza izango duten bitartean. Batetik, hori, eta bestetik, Eusko Legebiltzarra ordezkaritzarik gabe geratu dela kontuan hartuta, EAkoak ondorioztatu du Kutxen Legeak ez duela nazio ikuspegirik izango, eta herrialde bakoitzaren interes partikularrak lehenetsiko dituela interes orokorraren gainetik.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA