‘Berriro saiatu beharra dago abertzaleen arteko batasuna lortzen’ Trantsizio urteetan EAJko
EBBko buru izan ondoren, Carlos Garaikoetxea (Iruñea, 1938) Eusko Jaurlaritzako
lehendakari izan zen 1980tik 1985era. Hurrengo urtean Eusko Alkartasuna sortu
eta presidente izendatu zuten, duela bi urte politikagintza utzi zuen arte.

Oso ilun ikusten du egoera
politikoa Carlos Garaikoetxeak, baina argituko duela espero du. Egoera honetan,
«gauzak nola dauden kanpotik ikustean asko sufritzen denez», ardura politikoak
utzi izana batzuetan deitoratu ere egiten duela aitortzen du. Eguneroko politika
utzia du, baina EAk Iruñeko Gaztelu Plazan duen egoitzara agertzeko ohitura
ere badu, «behar denean laguntzeko». Itzuli? Ez duela uste dio, baina erabateko
ezetzik eman gabe.
Eusko Legebiltzarreko aurrekontuen
auzian, soberanistak direlako kritikatu du Jaurlaritzaren proiektua PPk, eta
egungo markoa kudeatzera mugatzen direlako Batasunak. Nork du arrazoi?

Beti bezala, in media virtus.
Bertutea, erdian. EAn ez dugu inoiz ezkutatu independentistak garela, baina
hori bai, politika erreala eginez egunez egun. Aurrekontu hauek, politika errealaren
barruan egin daitekeena da.
Aurrekontuak ez ezik estrategia
orokorra ere bai?

Negargarria iruditzen zaidana
zera da: hori argitasunez ikustea Madrilgo gure aurkariek, eta ez ikustea duela
hiru urte ulertu egingo zutela espero genuenek. Azken garaiotako nire atsekaberik
handiena izan da hori. Duela hiru urte, abertzaleen arteko batasuna posible
zen aroari atea zabaltzen ari ginela uste genuen. Madrilek argi eta garbi ikusi
zuen. Xanpain botila asko zabaldu zituztela uste dut, su-etena hautsi zenean.

Orain ezinezkoa da? Batasunak
eskua luzatu dio Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarra desblokeatzeko.

Eskua luzatu du, baina eskua
luzatzea zertan datza? Jakinda, denok dakigun bezala, zein den arazoaren sakontasuna,
zein den gure ezberdintasunen neurria, ezberdintasun horiek konpondu beharra
daude eskua luzatzeak zentzua izateko. Alegia, Lizarrarekin ulertu genuenera
itzuli beharko genuke: politika egin, giza eskubideak baldintza guztietan, eta
gehiengoari errespetua.
Maiatzaren 13aren ondoren
zabaldu zen panorama politikoarekin, zazpi hilabeteren osteko emaitza ez da
atsekabegarria?

Ez da asko aldatu herri honen
historia. Beti bizi izan dugu indar korrelazio antzekoa. Nire aurreneko bi gobernuek
HB Legebiltzarrera etortzen ez zelako gobernatu ahal izan zuten. Orain aldatu,
muturretan daudenen jokaerak aldatu dira. Eta PSOEk erabat sostengatzen du muturretako
bat, PP. Orduan, Eusko Jaurlaritzak egoera benetan dramatikoa bizi du: inor
ez bazaio hurbiltzen gobernatu ahal izateko beste, azkenean bi aldeen artean
hautatu beharko du. Eta nik ez nuke nahiko, inolaz ere, Ardanzaren garaira itzultzerik,
garai zorigaiztokoa izan baitzen.
Zergatik?

Inoiz ez nintzen Ajuria Eneko
Itunarekin ados izan, nazionalismo espainiarraren tresna izan baitzen. Ardanza

tranpan erori zen, protagonismo politiko handia izateko liturgia bat eskaintzen
baitzion. Eta gurea… akatsa ere ez zen izan, zeren eta sartu ez bagina politikoki
suntsitu egingo gintuzketen. Eta azkenean lehertu zen, ez berez, baizik eta
Mahaiaren baitako kontraesanak zirela eta. Urte haiek denbora galtze bat izan
ziren.
Gero, Lizarra-Garazik ere
ez zuen aurrera egin.

Ahaztu ditzagun izenak, baina
abertzaleen arteko jardun polikorako batasunera heltzeko zer egin daitekeen
pentsatu behar dugu. Berriro saiatu beharra dago.
Jaurlaritza norabide bat edo
beste hautatu beharraren aurrean egonik, Ajuria Eneako garaira itzultzea ez
zenukeela nahi diozu. Ezker abertzaleari begiratu behar diola esan nahi duzu,
beraz.

Oinarrizko ideietan bat egiten
dutenen arteko hurbiltze formulak bilatzea da arrazoizkoena. Beti pentsatu izan
dut hori. Munduko herrialde guztietan hori da naturala. Hemen, aldiz, hori bazterkeria
omen da, aniztasun eza, salbu eta Mayor Orejak gurutzada espainiarra gidatzen
duenean. Oinarrizko balore batean dugun desadostasuna gainditzen bada —politika
egiteko era, estrategia biolentoa edo ez biolentoa—, abertzale batentzat
normalena abertzaleen arteko elkarrulertzea bilatzea da.
Madrilen konfrontazio estrategiaren
barruan daude ezker abertzalea itotzeko ekimen judizial eta polizialak ere.
Nazionalismo moderatuari ez al litzaioke eskatu behar beste erantzun mota bat,
erantzun gogorrago bat?

Auzitan jarri izan ditugu beti
Garzonen eta judikatura espainiarraren ekimenak, eta salatu izan ditugu bidegabekeriak
nabarmenak izan direnean. Orain, ENAMeko munduak —zeinak ez baitigu inoiz
azaltzen zein izan daitekeen estrategia konpartitua— ezin digu eskatu gu
izatea salaketen aitzindari; zenbaitetan, gainera, ez dakigunean zer neurritaraino
dauden oinarrituta salaketa horiek. Oro har, gutxienez, judikatura espainiarraren
ekimenak zalantzagarritzat jo izan ditugu. Eta kasu jakinen berri izan dugunean
—giza eskubideen alorrean edo tortura dela-eta— argi eta garbi salatu
ditugu.
Autogobernuaren batzordea
osatu da Eusko Legebiltzarrean. Estatutuaren gurasoak deituko omen dituzte.
Zeu zara gurasoetako bat.

Oraingoz ez naute deitu, baina
eskatzen badidate nire ikuspegia emango dut: gaur egun Espainiako Gobernuak
eta bere beso Auzitegi Konstituzionalak interpretatzen dutenaren gero eta antza
gutxiago dauka orduan onartu zen Estatutuak. Estatutuak bere funtzio historikoa
bete du, eta aro berri baten aurrean gaude. Gainera, zentzu batean eskerrak
eman behar dizkiegu gobernu espainiarrei, Estatutuaren alde bakarreko moldaketekin
konpromiso politikoetatik libre utzi baikaituzte.
Ezker abertzalea estatutuaren
kontsentsutik kanpo gelditu zelarik ere aurrera egin izanaren damurik ez? Orduan
ereindakotik ari baikara jasotzen…

Politikan gauza bera neurtu behar
da beti: lorpenak eta aurrerapausoak garrantzitsuagoak izatea atzerapausoak
baino. Hori ez dago boluntarismoaren edo proposamen testimonialen menpe, baizik
eta uneak eskaintzen dituen posibilitateen neurketa zehatzaren menpe. 1978an
neurtu genuen momentuak zer eskaintzen zuen, arazorik garrantzitsuenean —lurraldetasunaren
auzian— zer aukera zeuden bereziki. Une historiko hark eskaintzen zuen
aukera Nafarroako ezkerraren sostengua zen, eta itun autonomiko bat egin genuen,
oso kritikatua orduan. Eta d’Hont legeak eragotzi zuen euskal estatutuaren
inguruko batasun politikoa, UCDk boto gutxiagorekin abertzaleei eta ezkerrari
irabazi egin baitzien.
Gaur egun, aukerarik ikusten
al duzu lurraldetasunaren auziari irtenbide egokia emateko?

Tunelaren oso une ilunean gaude,
baina tunel ondo ilunetan ibiliak gara lehen ere. Gehiengo abertzalea osatu
behar da, gatazka odoltsuak gatazka politiko huts bilakatu behar du eta, hortik
abiatuta, gure herrian present diren indar espainol aurrerakoienek pertsuasio
elementuak aurkitu behar dituzte euren jarrerak aldatzen hasteko. Eta prozesu
dialektiko horrek eraman beharko luke, esate baterako, PSOE bere jarrera aldatzera.
Orain hogei urte gatazka politikoa dagoela onartzen zuen eta lurralde batasuna
aitortu, batasun politiko bezala.
Aldaketak datozela ematen
du PSE-EE barruan.
Baina hor aldaketa etortzekotan
epe luzera etorriko da. Dena den, eragin interesgarriagoa izango genuke eremu
horretan euskal abertzaletasuna oro har beste egoera batean balego, ez balitz
barne hausturarik izango. Orduan PSOEk ezingo luke bizi gaur egun bere eta PPren
argudio bakarra denarekin: indarkeriaren biktima direla eta terrorismoa dela
herri honetako eztabaidagai bakarra. Agerian utziko bagenu herri baten gehiengoa
aldarrikatzen ari dela demokraziaren arabera aldarrikatzeko modukoa den zerbait,
PSOEren beste arima hori indar gehiagorekin agertuko litzateke.
jaurlaritza

«Azkenean bi aldeen artean
hautatu behar badu, ez nuke nahiko Ajuria Eneko Itunera itzultzerik»

gernikako estatutua

«Orduan onartu zenaren
gero eta antz gutxiago dauka Madrilek interpretatzen duenak»
lurraldetasuna

«Euskal abertzaletasunean
hausturarik ez balego, eragin interesgarriagoa izango genuke PSOEren jarrera
aldarazteko»

su-etenaren haustura

«Madrilek argitasunez ikusi
zuen abertzaleen batasunaren aroa irekitzen ari ginela, baina hori ulertzea
espero genuenek ez zuten ulertu»
egunkaria.com
Jatorria: Eusko Alkartasuna