Joseba Azkarraga. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua Hiru astetan, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren
LIII. urtemugarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza
Sailak kanpaina bat egin du, giza eskubideak ?bizi-eskubidetik hasita? sustatu
eta hedatzeko.
‘Bizitzarik gabe, askatasunik ez. Bakerik
gabe, askatasunik ez’. ‘Giza eskubide guztiak guztiontzat’, horra
hor markesinetan, tren-geltokietan, egunkarietan, irratietan eta telebistetan
jartzeko aukeratutako eslogana. Bada, EITB, Telecinco, eta Correo zein Prisa
taldeen tokiko telebistek ez dute inolako eragozpenik jarri iragarkiak hedatzeko;
TelevisiĆ³n EspaƱola eta Antena-3 telebistek, ordea, kanpaina ez
ematea erabaki dute, ‘publizitatea emateko arauen babesean; arauek debekatzen
baitute funtsean politikoa den edo izaera politikoko helburuak lortze aldera
zuzendutako publizitatea telebista bidez ematea’.
Ezin onartuzkoa da, bidegabea, RTVE erakunde
publikoaren erabakia, alegia: Eusko Jaurlaritzak, gure autonomia erkidegoko
erakunde betearazle gorenak, bultzatutako publizitatearen kanpaina instituzionala
ez ematea.
Hona kanpainaren lau argudio-ildoen oinarriak:
‘Munduko Giza Eskubideen Deklarazioaren arabera, pertsona guztiok libre
jaiotzen gara, duintasun eta askatasunez, bizi-eskubidearekin, libre izateko
eskubide eta segurtasun pertsonalarekin, eta, honen arabera, ezin izango zaio
inori tratu txar edo ankerrik eman’. ‘Gizaki guztiok libre ibiltzeko,
duintasun osoz bizitzeko eta modurik onenean bizi ahal izateko eskubidea dugu’.
‘Guztiok bakean bizitzeko eskubidea dugu, eta zinez elkarrizketa, errespetu,
demokrazia bidez eta biolentziarik gabe lortu ahal izango dugu. ‘Gizaki
guztiok bizi-eskubidea dugu, eta herri orok bere erabakia hartzeko eskubidea
du’.
Baina, TVE eta Antena 3 telebistetan zer arazo
ikusten diete oinarrizko mezu horiei? Gure norbanako eta taldeko eskubideak
babestu beharra izango ote da? Akaso min egingo die Bosniako eta Balkanetako
exodo ikaragarria azaltzen duen iragarkiak, herriek bere etorkizunari buruz
erabakitzeko duten eskubidea aipatzen duelako?
Horregatik bada, gogoratu egiten dut herri batek
nahi duena izateko duen eskubidea Giza Eskubideetan, bere alde kolektiboan,
dagoela; hala jaso da, hain zuzen, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko
Itunean. 1966ko abenduaren 19an New Yorken sinatutako Itun hori Nazio Batuen
Erakundeak bultzatu zuen, eta, ondoren, espainiar estatuak berretsi, 1977ko
apirilaren 13an.

Nor mintzen dute, ordea, herritarrek gizartearen
funtzionamendu eta erlazio demokratikoaren jarraibidetzat hartutako bake eta
bizikidetza-printzipioek? Zergatik nahigabetzen ote ditu bizia gauza guztien
oinarria izateak? Nor kezkatzen du elkarrizketa eta errespetua arazoak konpontzeko
jarraibideak izateak? Zertan du inork nozitu beharrik edozein motatako biolentzia,
mehatxu, estortsio edo tratu ankerrik? Akaso baten bati askatasuna beldurgarri,
arbuiagarri edo higuingarri egiten al zaio? Dirudienez, gezurra badirudi ere,
komunikatzeko delako erakunde publikoa zuzentzen duten zenbait alderdik edo
talde politikok bai, zalantzan jartzen dituzte giza eskubide guztiak, norbanakoak
zein taldekoak.
Ezinbestekoa dugu edozein gizarte garatu eta
demokratikok oinarritzat hartutako ohiko balioak errekuperatzea. Gazteek konturatu
behar dute elkarrizketa eta besteen ideien errespetua bide bakarra dela gizarte-harremanen
oinarriak eratzeko. Heriotza, biolentzia, estortsioa, mehatxua, tortura, inposaketa
edo elkartasunik eza hirugarren milurtekoaren abiapuntuan sortzen ari garen
Europatik at geratzen ari dira.
Herri orok bere etorkizunaz erabakitzeko duen
eskubidea aipatzeak ez du, inola ere, helburu politikorik, eta, are gutxiago,
alderdi baten alde egiteko asmorik. Aitzitik, hori bokazio humanitario unibertsala
da. Inoiz baino gehiago, gure herriak bizitza, bakea eta askatasunaren kontzeptuak
berpiztu eta hedatu beharra dauka. Gure gazteek tolerantzia, errespetu eta elkarrizketa
giro batean hazi eta garatu behar dute; horrela, ez bestela, jakingo baitute,
urte batzuk igaro ondoren, zelan antolatu eta kudeatu etorkizuneko euskal gizartea.

Gudak eta gosetea
Giza eskubideak sustatzeko Eusko Jaurlaritzak
egindako kanpainan, gertuen ditugun balioak ?bizia, elkarrizketa eta biolentziarik
eza? hedatzeaz gain, enfasi bereziaz gogorazten da mundua astintzen duten gudak
ez direla egokiak arazoak konpontzeko; baita ere, goseteak eta duintasunez bizitzeko
baliabiderik ezak milioika gizakik nozitzen duten kinka larria islatzen dutela
eta denok pertsona horiei laguntzeko obligazioa dugula.
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren eta
bertatik sortutako nazioarteko itunen postulatu ugari bortxatu, ahaztu eta gaitzesten
direla jabeturik, Eusko Jaurlaritzak aipatutako printzipioen urraketak nozitu
duten eta nozitzen ari diren Euskadiko eta gainerako herrietako herritar guztiekiko
elkartasuna adierazi du. Horregatik, hain zuzen, eta joan den abenduaren 10eko
deklarazio instituzionalean ageri den legez, autonomia-gobernuak behin eta berriro
adierazi du biktima, eta euren senide eta ingurukoengandik gertu dagoela, baita
ere, ziur dagoela Deklarazioak azaltzen dituen idealak basakeria eta ikararen
gainean nagusituko direla.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak zenbait gomendio
eman zuen pertsonen eta herrien askatasuna eta segurtasuna defendatzeko. Horregatik,
Eusko Jaurlaritzak buru?belarri dihardu Giza Eskubide guztiak babesten eta bultzatzen,
herritar guztientzat, pertsona guztientzat. Dirudienez, batzuentzat hori politika
hutsa da.
Lehen aipatutako printzipioekin batera, giza
eskubideak sustatzeko eta hedatzeko kanpainak giza eskubideen urraketen irudi
ikaragarriak ?tamalez egunerokoak eta ohikoak direnak? azaltzen zituen, alegia:
munduko zenbait lekutan gertatutako atentatuak; ideia jakin batzuk defendatzeagatik
eraso edo biolentzia arriskuan egonik bizkartzainak eraman beharra duten pertsonak;
fanatismo erlijioso eta politikoen ondorioz eraildakoak; torturatutako herritarrak;
herri aberatsenen interes ekonomikoek sortutako gosearen itzala eta aztarnak
dituzten umeak; gudak, heriotzak, gorputz-atalen mozketak, gizarte-ezak, pobrezia
eta herri osoen exodoak, totalitarismoak eta tolerantziarik eta demokraziarik
ezak zapaldutako herri osoen exodoak.
Inork uka dezake begi-bistakoa dena? Ez al da
beharrezkoa egoera hori salatzea eta guztion artean laguntzea gure lurretik
errotik kentzeko eta munduko beste lekuetan ere gerta ez dadin?
Zergatik ote daude batzuk horren aurka? Ez da
kasualitatea bizi, bake eta askatasunarekiko kritikak muturretatik etortzea,
hau da: biolentziaren aurrean isilik geratzen direnengandik eta errespetua eta
elkarrizketa eragozten dutenengandik. Agian, gure aldarrikapenak min egiten
die, eta isilarazteko eskura dituzten baliabide guztiak darabiltzate, estatuaren
antolakuntza erabat kontrolatzea ahalbidetzen dien baliabidetik hasita.
Kanpainak eman dio zer pentsaturik zenbaiti.
Biolentziaren, atentatuen, heriotzaren, torturaren, mehatxuen, gosearen, gudaren
edo askatasunik ezaren irudiak esanguratsuak dira oso. Isilpeko hamaika berba
izan dira, eta seguru asko eragin ona izango dute gure gizartean, etorkizunean
sinestea merezi duen gizarte honetan. Lasterbidea behar dugu, oztoporik gabekoa,
inork bihurritu ez dezan.
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte
Segurantza Sailekook egunero eskatzen diogu gizarte osoari Giza Eskubideen Deklarazio
Unibertsala berritu eta gaurkotu dezala, eta haren mamia gure bizitzaren arlo
guztietan hedatu eta sustatu.

Jatorria: Eusko Alkartasuna