Berdintasun eta kalitate berme delako defendatu du Esther Korresek hezkuntza publikoa gaur Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko Bilkuran. EH Bilduko parlamentariak eta EAko Iruñako Batzorde Eragileko presidenteak hitza hartu du Foru Gobernuari hezkuntzari buruz egindako galderan eta “aurrerapausoak ematen ari dira baina garapenak jarraitu behar du, eta UPNren gobernuen garaian egin ziren murrizketei buelta” eman behar zaiela esan du.

EH Bilduk hezkuntza publikoa hobetzen jarraitzeko lehentasunezkoak diren bi gai zehaztu ditu: Batetik, eskolaratzearen arautegia, zaharra geratu delako eta ghetizazioa ekiditeko aldatzea beharrezkoa delako, eta bestetik, Nafarroako hezkuntza eredua definitzea.

Era berean, “curriculumaren garrantzia” aipatu du Korresek, “curriculum arloko autonomia aprobetxatu behar da curriculum soziala, barneratzaileagoa eta malguagoa lortzeko, baita hizkuntzen tratamendua integratzailea egiteko”.