Eusko Jaurlaritzaren politika berriek ekar ditzaketen aldaketen ondorio larriez ohartarazi du.

Eusko Alkartasunak euskararen aldeko konpromisoa berretsi du gaur, Euskararen Egunean, eta Jaurlaritzan izandako aldaketak izan ditzakeen ondorioak ondo aztertu eta neurtzeko garrantzia nabarmendu du. Euskara euskal gizarte osoaren ondarea da eta hizkuntza zaintzea guztion ardura da, salbuespenik gabe. Horregatik, EAk egungo diglosia egoera gainditzeko eta benetako hizkuntza normalizazioa lortzeko aurrerapausoak emateko borondate osoa berresten du.

Hiritar guztiek euskaraz hitz egin eta bizitzeko eskubidea dute, baina gaur hizkuntza inposaketa pairatzen dutenak euskaldunak dira. Hori dela eta, ezinbestekoa da euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko neurri zehatzak sustatzea.

EAk benetako elebitasuna aldarrikatzen du, bi hizkuntza ofizialak plano berean jarriko dituena, alegia. Prozesu horretan eskolak funtsezko papera jokatu behar du, belaunaldi berriek euskaraz edo gazteleraz bizi nahi duten erabakitzeko benetako aukera izateko. Horretarako elebidunak direla bermatu behar da, askatasun hori elebitasunak bakarrik bermatzen duelako.

Ildo horri jarraituz, PSE PPren eskutik Lehendakaritzara iritsi izanak kezkatu egiten gaitu, horrek euskararentzat oso ondorio larriak izan ditzakeelako eta 30 urteotan lortutakoa arriskuan jar dezakeelako, 2010erako aurrekontu proiektua eta Hezkuntzan izandako aldaketak agerian uzten ari diren bezala.

Jatorria: Eusko Alkartasuna