Enpresak sortzeko laguntza osoaren babesa indartuko duela iragarri du, ´lanabes eraginkorra delako, autoenpleguaren bidez gazteak laneratzeko lehentasunezko helburuan aurrera egiteko´
Gaur, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak parte hartu du zuzentzen duen sailaren eta Gaztenpresa Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenaren aurkezpen-ekitaldian.

Azkarragak Enpresak Sortzeko Laguntza Osoaren proiektuaren potentzialtasuna nabarmendu du; sailaren lankidetzari esker, 2002ko azaroan jarri zen abian, esperimentu gisa, eta joan den urteko (2002) azken bi hilabeteetan soilik 26 enpresa eta 58 enplegu sortzea ahalbidetu zuen.

Ekimen esperimental honen emaitzak ikusita, sailburuak proiektua ekitaldi honetan sendotzeko konpromisoa iragarri du, eta adierazi duenez, ´bat egiten du zuzenean guretzat lehentasunezkoa den helburu batekin, alegia, autoenpleguaren formulen bidez gazteak laneratzearekin´.

Era berean, 2003an enplegua sortzeko dauden aukeren garrantzia nabarmendu du: aurten 150 enpresa-ekimen inguru aurreikusten dira, hau da, 400 lanpostu inguru, gazteen autoenpleguaren bidez sortuak, Gaztenpresari internet-ean egindako bultzada eta enplegua sustatzeko zentroak, gizarteratze-enpresak edo babestutako bestelako formulak baliatuta lanpostuak sortzen laguntzeko gizarte-proiektuak ahaztu barik.

Orobat, enplegua sortzeko lehentasunezko jardueraren ardatzen artean, Azkarrak zenbait ekimen nabarmendu ditu: laneratzeko zailtasunak dituzten taldeekiko diskriminazio positiboko erabakiak, eta enpresak sortzeko gogoaren, autoenpleguaren ekimenen eta ardurak bere egitean, lehiakortasunean eta elkartasunean oinarritutako enpresa eta lan kulturaren sustapena.

Amaitzeko, Azkarragak adierazi du proiektu honen alde egitea bera buru duen Sailaren apustu globalaren baitan dagoela, alegia: ´enplegua sortzea eta laneratzea sustatzeko apustuaren baitan, lanposturik ez izateagatik laguntza beharra handiena duten eta zigortuen dauden taldeei laguntzeko modurik eraginkorrena eta ondraduena delako´.

Jatorria: Joseba Azkarraga