Justizia sailburuak positibotzat jo du justizia-jauregia berrien eraikuntza, eta Administrazioarekiko harremanetan herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eskatu. Joseba Azkarraga
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak gaur esan
duenez, ‘Justizia Administrazio deszentralizatuak eraginkortasuna eta etengabeko
berrikuntza bermatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan’. Gaur goizean,
Bilboko Justizia Jauregian, Azkarragak euskal gobernuak egindako egoitza judizial
berriak aurkeztu ditu, guztira, hamahiru jauregi berri, zeinetan 139.842.000
euro (30.000 milioi pezeta) inbertitu baitira, eskumen hori bere gain hartu
zuenetik egoitza horien azalera erabilgarria boskoiztuta. Albiako Jauregian
egindako agerraldian, Justizia Administraziorekiko harremanetan herritarren
hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde egin du Azkarragak.

Orobat, sailburuak 18 foileto-bilduma, ele bietan (euskaraz eta gazteleraz)
argitaratuta, aurkeztu du; liburuxka erabilgarri eta monografiko horietan, herritarrei
interesa dakiekeen justiziarekin lotutako zenbait gai laburtzen dira, hala nola:
herentziak, senar-emazteen bereizketak, etorkinak, adingabekoak edo laguntza-bidezko
ugalketa. Esku-liburu horiek doan banatuko dira justizia-jauregietan eta Eusko
Jaurlaritzako ordezkaritzetan.
‘Gure autonomia-erkidegoak Justizia-arloko aurreneko transferentzia -funtzionatzeko
behar diren baliabide materialen eta ekonomikoen gainekoa- jaso zuenean 1987ko
abenduaren 30 hartatik ia hamabost urte igaro direlarik, egoitza judizialen
sare modernoa berritzeko eta hornitzeko proiektu handi horri amaiera jartzea
egokitu zait, atsegin handiz egokitu ere’, esan du Azkarragak.

Azkarragaren ustez, ‘bere garaian, Euskadik izan zuen aukera Justizia Administrazioa
etengabe gaurkotzeko erantzukizuna Estatuari bere gain har zezan uzteko. Horrela
jokatu izanez gero, segur aski gaur egun beste erkidego batzuek nozitzen duten
egoeran geundeke, hau da: bulego zaharkituak, inolako eraginkortasunik ez, baliabide
urriak eta herritarrekiko arreta eskasa’.

Justizia sailburuak nabarmendu duenez, ‘kargu honetan nire aurretik ibilitakoak
-Juan Ramón Guevara, planaren erredaktorea eta sustatzailea, Javier Caño,
José Ramón Recalde, Ramón Jaúregui, Francisco Egea
eta Sabin Intxaurraga- egoitza judizialen planaren bultzatzaile tinkoak izan
dira etengabe. Guztiek aukera politiko desberdinak ordezkatzen dituzte. Orobat,
Eusko Legebiltzarrak ekimen honi egindako harrera ona eta emandako bultzada
ere pozteko beste motibo bat izan da’.

Jatorria: Eusko Alkartasuna