Gorka Knörr. Eusko Alkartasunako idazkari nagusia

Gorka Knörr-ek dioenez, Ibarretxe lehendakariak aurkeztutako Bizikidetzarako itun politiko berri baterako proposamena baldintzatu nahi duelako onartu du Eusko Alkartasunak hauteskundeetan EAJrekin koalizioan aurkeztea. Koalizioak bere alderdiaren nortasuna lausotuko duela ez du uste EAko idazkari nagusiak.

Burujabetzaren bidean aurrera egiteko urrats garrantzitsua deritzo Gorka Knörrek bere alderdiak eta jeltzaleek lortu duten akordioari. Koalizioak koalizio, Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak bere alderdiaren nortasuna aldarrikatzen du.

•Hirugarrenean bai.

Guretzat ez da hirugarrena, guretzat txanda bakarra izan da, gu beti mahaian eserita egon baikara, nahiz beste aldea hiru aldiz altxatu den akordioa hitzartu arte. Nolanahi ere, orain azpimarratu behar dena da akordioak abertzaletasunaren bidean aurrera egiteko balio duela.

•Egun erakundeetan daukazuen ordezkaritzari eustea zen EAren kezka. Lortu al duzue?

Ezin da ulertu beste batzuekin koalizio bat adostu indarrak biltzeko eta indar biltze horretatik ordezkaritza mailan ahulduta irtetea. Hori militanteak ez direnei azaltzea oso zaila da, baina nik uste dut gutxieneko batzuk edozein alderdik defendatu behar dituela. Guri dagokigunez, akordioak biltzen ditu gutxieneko horiek.

•Azkenean EAJren proposamena onartu zenuten, joan den astean atzera bota zenuten ia bera. Zer aldatu da astebetean?

Ez nuke nahi zaurian esku sartzea, baina guk orain dela bi astebete egindako eskaintzan esan genuen akordiotik oso gertu geundela. Hemen garrantzitsuena da ordezkaritza programa baten inguruan jartzea eta guk oso argi dugu une honetan zein den herri honek behar duen programa. Abiatu dugun bidean eta burujabetasunaren bidean, EA erreferente ezinbestekoa da eta guk horrelako akordio bat bilatzen dugunean beti eduki dugu oso argi bide hori baldintzatu egiten dugula. Hori horrela ulertu dute arerio guztiek, PPtik Batasuna arte.

•Zer eragin izan du baseen presioak akordioa erdiesterakoan?

Gurean, beste etxeetan bezala, kolore guztietako iritziak daude: bakar bakarrik joan nahi izan dutenak eta koalizioaren aldeko direnak. Baina militanteak eta lehen mailako jarraitzaileetatik haratago, badago biztanle kopuru handi bat horrelako zirrikituetan sartzen ez dena eta nazio ikuspegiari bizkarra eman gabe, gehiago mugitzen dena sentimenduetatik abiatuta.

•Ibarretxeren esku hartzeak zenbaterainoko garrantzia izan du akordioan?

Ibarretxeren garrantzia puzten ari dira batzuk, daukana baino garrantzi gehiago ematen ari dira. Nik neuk ere eskatu nuen Ibarretxeren nolabaiteko parte hartzea, zerbait esan behar zuela uste bainuen, batez ere EAJko militante delako. Koalizioari buruz bere iritzia eman zuenean, hirugarren espazio batean kokatuta balego bezala hitz egin zuen eta hori ez da horrela. Ibarretxe lehendakaria da, baina baita EAJko militante kualifikatua ere, EBBko bileretara joaten den militantea. Koaliziorako elkarrizketak, iazko otsailean, ez ziren hasi EAJrekin, Ibarretxerekin baizik eta jeltzaleek bazekiten hori. Orduan, guztiz normala da hasi Ibarretxerekin hasi baginen, prozesuaren amaieran ere esku hartzea.

•Nola geratuko da zuen perfil eta nortasuna?

Koalizioa osatu aurretik eta gobernuak osatu aurretik, gu alderdi politikoa gara. Eta alderdi bat gara lehendik, orain eta gero. Guk jakin beharko dugu zertarako egiten diren gauzak. Koalizio hitzartu dugu gure herriari buruz daukagun proiektuaren bilakaera baldintzatzeko, are gehiago bizi dugun une garrantzitsu eta latz honetan. Hori esan ondoren, alderdi bat izaten jarraitzen dugu, gure nortasun eta erantzukizunarekin.

•Une garrantzitsuak etengabe errepikatuko direla dirudienez, zer zentzu dauka bi alderdi egoteak?

Gu alderdi sozialdemokrata bat gara eta EAJ oso bestelako alderdia da. Alderdi desberdinak gara. Gainera aurreko hauteskundeetako koalizioan sinatu genuen akordioan aitortzen da bi proiektu desberdin ditugula. Baina orain oso une garrantzitsu batean gaudela eta beharbada zurrunbilo horretan luzaz sartuta gaudelako ez dugu gehiegi landu alderdi baten nortasuna nabarmentzeko behar diren zenbait arlo. Dena den, ez dut batere zalantzarik aurrerantzean gure perfila agertzeko aukera dezente izango dugula.

•Abertzaletasunaren ezkerreko eremua libreago utzi diezue Batasunari eta Aralarri .

Ezta inondik inora ere. Gure burua argi eta garbi zentro-ezkerrean kokatzen dugu eta denek dakite hemendik zenbait urtetara, indarkeria desagertzen denean, ezkerraren inguruan bilakaera normal bat egongo dela eta hor kokatuko gara alderdi txiki batzuk eta gu.

•Abertzaletasunaren irudi sendo bat ematea izan da koalizioaren arrazoi nagusietako bat. Koalizioak botoak kenduko al dizkio gainerako alderdi abertzaleei?

Gure alderdiaren baitan koalizioari buruzko iritzi ezberdinak daude. Batzuk pentsatu dute aurkeztu behar zela alternatiba bat ez bakarrik bloke espainolistari, baita Batasunaren inguruan dagoen bloke horri ere.

•Batasunak dio euren botoen bila zabiltzatela eta salbazio nazionalerako baino, «salbazio laboralerako» akordioa izan dela.

Batzutan gauzak esaten dira egunkariak betetzeko. Hau ez da izan boterea banatzeko egin den operazio bat, Otegik esan duen bezala. Proiektu bat daukagu aurrean eta proiektu hori baldintzatu nahi dugu burujabetzaren ikuspegitik. Hori da gure ipar orratza.

•Arzalluzek laguntza morala agindu dio Batasunari maiatzeko hauteskundeei begira. Koalizioak zer estrategia abiatuko du legez kanporatzeari aurre egiteko?

Arzalluzek laguntza morala eskaini nahi baldin bazuen, aukera ederra izan zuen ekainaren 15ean legez kanporatzearen aurka Bilbon egin zen manifestazioa sostengatzeko, eta ez zuen egin. Han egon zen, jendartean ezkutatuta, bere alderdiak, alderdi gisa behinik behin, ez baitzuen deialdia babestu. Guk oso argi dakusagu Alderdien Legeak oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta horren aurka zenbait ekimen abiatu ditugu, besteak beste Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu genuen helegitea, gero Batasunari esker aurrera egin ez zuena. Legez kanporatzea astakeria eta bidegabekeria handia da eta horren aurka joko dugu konplexurik gabe.

•Nola? Zer ekimen bultzatuko duzue?

Batasuna ezin da guregana etorri ez dakit zer-nolako atxikimendu eske. Guk beti esan diegu berdina: deitzen diguten manifestazioetara, ez gara joango, ez baitute inolako elkartasunik erakusten beste hainbat gertakari jazotzen denean. Hori da gure muga bakarra: ezin da ezikusiarena egin ETAk giza eskubideak urratzen dituenean.

•Ibarretxeren planaz gain, zuen proposamena aurkezteko asmoa iragarri duzue.

Udaberrirako gure proposamena plazaratu nahi dugu, mundu guztiak jakin dezan ekimen hori zertan den. Lege zirriborro horrek guretzat oinarrizkoak diren zenbait aldarrikapen bilduko ditu, hau da, autodeterminazio eskubidea, Euskal Herri osoko ikuspegi bat…

•Ibarretxeren proposamenak aurrera egiteko, lehenbizi, Gasteizko Legebiltzarraren gehiengo behar du. Hori lortzeko nora begiratuko duzue: Batasunaren edo PSEren aldera?

Hor Batasunari buruz ari gara. Sozialistekin ez dago zereginik, ez baitute inolako borondaterik PPren bidetik aldentzeko, nahiz hori beren kalterako izango den. Beraz, Batasunaren aldera begiratu beharko dugu, baina badakigu egun zer jarrera duen. Orain arte, proposamenaren testuaren inguruan kontraesanean aritu da: hasieran, publikoan esan zuten txostenak beren gutxienekoak jasotzen zituela eta gutxieneko horien arabera egin zen Ibarretxeren proposamena. Beraz, hor dago jorratzeko bide eta esparru bat eta Batasunak zirt edo zart egin beharko du. Proiektu abertzale bat bertan behera geratzeko eskubide osoa du, eskubide osoa du espainolisten eskutik joan eta gure proposamenak atzera botatzeko. Herriak kontuak eta erantzukizunak eskatuko dizkio hala egiten badu.

•Aznar Bilboko zerrendan; Arenas, Errenteriakoan; sozialistak nazionalista ohien uretan arrantzan Gebararekin… Maiatzaren 13ko arrakasta nahikoa izango ote duzue PP eta PSE garaitzeko?

Iraganeko ilusioak pizteaz hitz egin baino, hobe dugu sor ditzakegun ilusio berriez hitz egin. Datozen udal eta foru hauteskundeei begira, abertzaleok argi eta garbi ikusi behar dugu nondik joan nahi dugun. Hori egiten ez badugu, gure aukerak murriztu egingo dira.

•Koalizioa aski izango da Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia berreskuratzeko?

Hori zen Arabako abertzaleen artean zegoen kezka nagusia. Nik baietz uste dut, EAJ-EA koalizioaren zerrenda bozkatuena izango dela bai Gasteizen, bai Araba osoan. Beste kontu bat da gero aritmetikaren arabera, alkatetza popularren eskuetara joaten bada. Sozialistek jadanik esan dute PPrekin daukaten anaitasunarekin eta, ondorioz, behar izanez gero sostengua emango liokete popularrei. Baina, zalantzarik gabe, hori zailago izango zaie Gasteizko zerrenda bozkatuena izaten bagara.

Humberto Unzueta / egunkaria.com
Jatorria: Gorka Knörr