Arabako aurrekontuetan datorren urterako diru-sarrera arrunten % 10eko muga kentzeko beharra defendatu du Nerea Martinezek, baina EH Bildu abstenitu egin da, Gobernuko alderdiek aldaketaren sakontasunari buruzko daturik eman ez dutelako.

Martinez, Batzar Nagusietako Mahaiko presidenteordeak adierazi duenez, osasun alertak sortutako premia bereziei erantzuteko aldaketaren beharra dagoela ulertzen du EH Bilduk. Hala ere, ez dio EAJk eta PSEk aurkeztutako ekimenari baiezko botoa eman nahi izan, talde horiek, foru ganberan duten gehiengoaren babesarekin, ez dutelako azaldu “aldaketa horrek zenbat diru suposatzen duen eta zertarako erabiliko litzatekeen”.

Martinezek Gobernuaren kontrol lana balioan jarri du datuak eskatzean, eta EH Bilduk krisi osoan izan duen jarrera proposatzailea azpimarratu du: “elkarrekin atera behar dugu egoera honetatik, noski, baina eskua luzatu dugu eta proposamen asko egin ditugu oso erantzun eskasa lortuz, eta orain ekimen bati abala eskatzen digute, zer esan nahi duen zehazki azaldu gabe”.