EAko Zuzendaritza Nazionala. Eusko Alkartasunak ez du bide zibil eta demokratikoen aldeko bere apustua zalantzan jartzea onartuko, ohartarazi dio Herrizaingo sailburuari

PSEk eta Patxi Lopezek sekulako beldurra diote abertzaleen ekintza batasunari, berretsi du Eusko Alkartasunak. Izan ere, sozialistek jakin badakite egoera politiko normalizatu batean Ajuria Enetik kanporatuko dituen Euskal Herriko gehiengo soziala egituratzeko aukera egongo dela, Jaurlaritza euskal gizartearen zati baten bazterketari esker bakarrik eskuratu dutelako.

EAk modu horretan erantzun dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gaur goizean Madrilen esandakoari. EAk ez du euskal gatazka politikoa konpontzeko bide zibil eta demokratikoen aldeko bere apustua zalantzan jartzea onartuko, ohartarazi dio Aresi eta, PSOEk ez bezala, EAk ibilbide demokratiko eredugarria duela gogorarazi dio baita ere.

EAren iritziz, Estatuak berak eta Euskal Herrian dituen ordezkariek duten benetako beldurra abertzaleen ekintza batasuna da, hau da, apustu politiko hori euskal gizartearen gehiengoaren babesa lortzeko gauza izango den proiektu guztiz demokratiko batean gauzatzea, gizartearen zati bat baztertu gabe hauteskunde emaitzak oso ezberdinak izango liratekeela dakitelako eta indarkeriarik gabe euskal jendartearen erabaki eskubidea ez onartzeari eustea oso zaila izango litzatekeelako.

Jatorria: Eusko Alkartasuna