Diputaziokoak diren errepideetako irtenguneak ken daitezela eskatu du gaur Patxi Martínez de Albenizek Arabako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran. EH Bilduko batzarkidea eta Eusko Alkartasunako kideak abiadura moteltzeko gailuak gehiegitan erabili direla kritikatu du eta oso gutxik betetzen dutela Legea gogoratu. Mozioa EAJ-PSE taldeetako botoekin atzera bota da, eta bi alderdiek bere proposamena aurrera atera dute, non EAEko hiru aldundiei eskatzen zaie irtenguneak erregulatu ditzaten eta aurrerantzean ere mantenduko dituzten erabakitzea.
Batzarkide abertzaleak gogoratu duenez, 2014etik irtengune guztiek Sustapen Ministerioaren Legea bete dute, “baina argi dago hori ez dela gertatzen”. Martinez de Albenizek azaldu duenez Arartekoa edo Osakidetza bezalako erakundeak “ez dira irtenguneen zaleak eta kentzea ere gomendatu dute”, sortzen dituzten eragin negatibo guztiengatik: larrialdi kasuetan kotxea gelditzeko zailtasunetik hasi eta kutsatzen duten gas gehiago botatzera edo anbulantzia eta suhiltzaileak atzeratzera.
Zerga iruzurra
Gaurko Osoko Bilkuran ere berehalako informazio hornidurarako errolda instrumental bat sortzeko Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek egindako lankidetza hitzarmena onestu da. Nerea Martínez Cerrillok bere taldeak emandako baiezko botoaren azalpena egin du: EH Bilduk zerga iruzurraren kontra egitea helburu duten neurrien alde egon da beti.