Une politiko «zail» hauetan baikor dagoela dio Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Garai erabakigarriak direla dio, datozen hilabeteetan hurrengo urteotako etorkizuna erabakiko delakoan. Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan aritu da gogoeta politikoan Anjeles Iztueta, leihotik Kontxako hondartza jendez beteta ikusten zelarik.

Tourraren antolakuntza indartsuak ere amore eman du Espainiako Gobernuaren presioaren aurrean. Zer ondorio?

Erakusten du zertaraino prest dagoen PPren gobernua. Europan ere hizkuntz gutxituek bere lekua hartzen ari diren unean, gezurra dirudi Espainian horrelako gorrotoarekin eta horrelako planteamendu atzerakoiarekin jokatzea. PPren benetako aurpegia erakusten du.

Tourrekoa azken kapitulua baino ez da izan. Noraino irits daitezke?

PPri eta PSOEri buruz, eta besteei buruz hainbeste hitz egin beharrean, hobe dugu geure proiektuez hitz egin. Oso memento erabakigarrian gaude. Konfiantza daukan pertsonak aurrera egiten duen bezala, konfiantza duen herriak aurrera egiten du. Herri bezala konfiantza behar dugu.

Konfiantza ez da nahikoa, ordea. Norabide bat behar da.

Proiektuak behar ditugu, eta hasi behar dugu bide berean indarrak jartzen. Azken hogei urteotan eskailera bat eraiki dugu, pixkanaka. Eskailera horren muina gure erakundeak dira, gure erakundeen muina Legebiltzarra, eta Legebiltzarretik datoz beste erakunde guztiak. Hor dago gure indarra. Proposatzen dugun edozer, hortik aurrera egin behar dugu, eskailera hori erabilita. Batzuek urrutirago joan nahi dugu. Nire alderdiak, EAk, erakunde horiek abiapuntu hartuta Euskal Herri askea nahi dugu, Europan beste herrialde independente bat. Beste proiektu batzuk ere badaude, baina edozein proiektu izanda ere, dauzkagun erakundeetatik abiatu behar dugu. Une honetan gure erakundeak indartu behar ditugu, eta eutsi.

Arriskuan daudelako?

Erakundeei ez zaie eutsi behar daukaten balioagatik, baizik eta hurrengo pausoetarako abiapuntu direlako. Ez da eustea eusteagatik. Horren kontra bi aldetako mugimenduak daude. Eskailera hori bertan behera bota nahi dute, alde batetik, Batasunaren inguruko hainbat jendek, horrekin erakutsi nahi dutelako horrek ez duela ezertarako balio: bota dezagun dagoena eta eraiki dezagun herri bat. Hori lurretik zerura hegan joan nahi izatea da. Eta bestetik, PP eta PSOE ere desiratzen daude daukagun erakundetze hori bertan behera erortzeko. Baina guk Legebiltzarrari eta gure erakundeei eutsi behar diegu, hortik abiatuko direlako proiektu berri guztiak. Eta nazioartean gure proiektua jakinarazi behar dugu. Gogoan dut Carlos Garaikoetxeak esan zuela gure proiektua Legebiltzarrak onartu eta Madrilera eramaten dugunean adostasunik ez badago, zer geratzen zaigu? Legebiltzarrean sartu eta ez atera, eta gure legebiltzarrak eta gizarteak onartu duen hori munduan zabaldu.

Legebiltzarrean itxialdia eta baraualdia egiteko aukera ere aipatzen zuen Garaikoetxeak.

Legebiltzarra da gure erakundetzearen muina; horri, eutsi. Eta gero, nazioartean zabaldu. Azken aldikoa Auzitegi Gorenaren eta gure legebiltzarraren arteko pultsu bat izan da. Eta egin beharrekoa egin da. Hortik aurrera, pausoak eman behar ditugu eskailera erabiliz, eta gora, eta gora.

Galdera da ea eskailerak maila gehiago badituen, gora egiteko.

Maila gehiago jarri behar zaizkio. Gora egin behar dugu, maila gehiago jarriz. Eta eskailera horrek badu atea. Orain dugun erakundetzea Estatutuan eta Konstituzioan oinarritzen da. Gure eskubide historikoen ondorioa da Estatutua. Hor ate bat badago irekita, gure gaur egungo Estatutua gainditzeko. Eta Konstituzioak, munduko leku guztietan, aldatzeko daude. Eskailerak beti du pauso gehiago gorantz.

Zein da hurrengo eskailera-maila?

Pauso gehiago emateko oinarri-oinarrizkoa da gure herriari autodeterminazio eskubidea onartzea. Hori eskubide kolektibo bat da, eta hurrengo eskailera-maila hori da. Gero, autodeterminazio eskubidea gauzatzeko, bakoitzak bere proiektuak izango ditu, eta herriak erabaki beharko du zer nahi duen. Jakinda Euskal Herri honetan erritmo desberdineko herriak ditugula. Iparraldeak oraindik ez dauka erakundetzerik, gero Nafarroa dago, eta gero Erkidegoa. Goazen proiektuak mahai gainean jartzera eta goazen pausoak ematera daukagunetik abiatuta.

´Goazen proiektuak mahai gainean jartzera´ esaten duzunean, Ibarretxeren planarekin abiatu nahi den eztabaidaz ari zara, edo Euskal herria osotasunean hartuko lukeen foro zabalago batez?

Euskal Herriak hiru lurralde administratibo ditu, eta gure Erkidegoaren muina Legebiltzarra da. Proiektu horiek aurkezteko tokia Legebiltzarra da. Hor une honetan badago proiektu baten eskeleto bat, Hirukoak aurkeztu duen plana, eta goazen horren inguruan, oso proiektu irekia delako, gure proiektuak proposatzera. Proiektu horren printzipioetan hitz egiten da Iparraldeaz eta Nafarroaz. Estatutuan ere aipatzen dira. Esaten dudana da zergatik ez garen biltzen hurrengo pausoak emateko, Euskal Herriari buruz proiektu bat daukagunok.

Bildu, zein?

Legebiltzarrean dauden alderdi guztiak, Legebiltzarrean emango delako eztabaida. Legebiltzarra da gure herriaren ordezkari, eta hori da foroa. Zentzu horretan, baikor naiz. Une zaila da, daukaguna kendu nahi digutelako eta borroka guztia horretara bideratua dagoelako.

Autonomia deustesteko arriskua benetakoa dela uste duzu?

Ez dira ausartuko. Izugarrizko hankasartzea izango litzateke.

Horretan zerikusia izango du euskal erakundeak ere zenbateraino arriskatzeko prest dauden. Alegia, oraingo erakundeak galtzeko arriskua hor dagoelako soka gehiegi ez tenkatzea izan daiteke joera.

Gizalegez jokatzen dugun bitartean, eutsi egin behar diogu geureari. Erreferenduma egiteko eskubidea herri batek beti dauka. Oraintxe bertan aldatu da Europako Konstituzioa, eta Espainia horren alde egon da. Konstituzioak eta legeak aldatzeko daude. Jokoa horrela da: gaur egungo legeriaren zirrikituak baliatuz, beste legeria berri bat sortu behar dugu. Herri honek eskubidea du erreferendumak egiteko, eta pausoak aurrera emateko. Autogobernuaren eta soberaniaren inguruko prozesua geldiezina da. Ez dago alderatzerik orain 20 urteko egoerarekin. Orduan proiektuak bagenituen, baina ez genuen erakunderik, ez indarrik, ez ezer. Une erabakigarrian gaude. Hurrengo hilabeteetan markatu behar dugu datozen 15-20 urteotako bidea.

Otegik esan berria du bidea egiteko «burdinazko ituna» egin behar dela abertzaleen artean, PPren eta PSOEren artekoaren parekoa.

Otegiri esan behar zaio PP eta PSOE hemengo erakundeak kendu nahian dabiltzala, baina Batasuneko jende asko ere desiatzen dagoela erakundeak bertan behera erortzeko. Erakundeak behar ditugu, eta aurrerapausoak eman behar ditugu bide politikoetatik, demokrazian oinarrituz, eta hor pistolek ez dute balio.

Otegiren iritziz ere elkarlana ez da posible, EAJk eta EAk «maiatzaren 25eko kolpea» kudeatzen duten bitartean.

Hitz egiten hasi beharko dugu, gizartean nahi hori badagoelako. Siglez ari gara, baina gizartean badago masa kritiko nahikoa aurrerapausoak emateko.

Aspaldian elkarrekin ikusi gabeko jendea elkarren ondoan irten zen kalera Egunkaria-ren ixtea salatzeko. Elkarlan giro hori berreskuratzerik ez ote dago?

Egunkaria-ren itxieraren ondorengo manifestazioan euskararen aldeko guztiak biltzeko gai izan ginen. Baina horrelako jendetza badago beste proiektu batzuentzat ere. Euskobarometroaren azken inkestak ere hori adierazten du. Badago esparru bat elkarrekin lan egiteko, oraingo egoera honek beste pauso batzuk eskatzen dituelako.

Egunkaria itxi eta lau hilabetera plazaratu zen Berria, eta hiru aste daramatza lanean.

Berria proiektu enpresarial bat da. Eta proiektu enpresarial guztiei bezala, profesionaltasuna eta kalitatea eskatu behar zaio. Hori gauzatzeko borondatea badago. Proiektu horretan ahal den eta euskaldun gehiago sartu behar da. Eta txalotzekoa da lau hilabetean nolako gaitasuna izan den proiektua abiatzeko. Erraz esaten da. Egun batetik bestera enpresa bat goitik behera bota, eta lau hilabetean beste proiektu bat atera da. Herri honetan indarra badagoen seinale. Helburua eta motibazioa dagoenean, indar asko dago. Egunkari honek badu etorkizuna, herri honetan badu etorkizuna. Zorionekoa da nola erantzun duen herriak horrelako gertakari gogor baten aurrean.

Eta nola erantzungo dute erakundeek? Jaurlaritzaren diru laguntza behar du Berriak.

Hori ez da nire alorra, Kultura sailburua da horren arduradun, baina nik, gobernukide bezala, esango nuke euskarazko egunkari bakarra dela eta behar duela diru laguntza. Eta gobernuan borondatea dago diruz laguntzeko proiektu berri hau, lehen egin zen bezala.

Orain Gara dago arriskuan.

Esku beltz politiko bat dago atzetik. Zenbat aldiz gertatu da enpresa bat ixtea, beste bat sortzea eta berriak aurrekoaren zorrak ez hartzea? Lege barruan onartu ezinezkoa da, baina Gara da, eta hor esku beltz politiko bat dago.

Jaurlaritzak ezer egin dezake?

Irakurri dut Lan sailburuarekin bilera egin dutela, eta Gara-koak oso pozik zeuden Azkarragarekin izandako bileraz. Pentsatzen dut Lan Sailak zer egina izango duela, azken batean, enpresa bat baita.

«Ez dugu hartuko gure hezkuntza sistemari komeni ez zaion ezer»

Hezkuntza arloko zenbait galderari erantzuteko tartea ere hartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, politika gaiez luzeago mintzatu ondoren.

PPk eta PSE-EEk zenbat aldiz eskatu dute zure dimisioa?

Askotan. Gure printzipioen araberako politika egiten ari gara, eta horren ondorioa baldin bada behin baino gehiagotan gure dimisioa eskatzea, ez dakit ona edo txarra den. PPk nire dimisioa eskatzea ondo ari garen seinale ere bada.

Villarrek ez du aspaldian euskal hezkuntza sistema iraindu. Seinale txarra?

Aspaldi isilik dago, baina etorriko da irailean eta hasiko da astakeriak esaten. Halako irainak eta gezurrak botatzen ditu, mina ez dit niri egiten, gizarte osoari baizik.

Eskola liburuak «EAEko errealitatera» egokitzeko eskatu dizuenik izan da.

Euskal Herria hor dago, Euskal Herria existitzen da. Gaur egun daukagun Estatutuan ere aurreneko artikuluan dago. Herri baten historia oso luzea da eta aztertzerakoan dena hartzen da kontuan. Euskal Herria Euskal Herria da, eta Vasconiaren erresuma ere existitu zen. Historia ez da hasten, Villarrek nahiko lukeen bezala, 1978an, ezta Franco agintera etorri zenean ere.

Eskola liburuak ez al daude lehendik ere «EAEko errealitatera» egokituegi?

Ikastetxeek autonomia eta iniziatiba badute, eta hezkuntzan profesionalek egiten duten lana oinarria da. Hemengo profesionalek eta ikastetxeek gure errealitatea ikasi eta irakatsi egiten dute. Kito. Oso oinarrizkoa da.

Oinarri diren curriculumak Madrilen edo hemen landu, izango du eraginik.

Guk gure bidea egingo dugu, gure errealitateari lotutakoa. Gure hezkuntza sistema plurala da, pentsaera desberdineko jendea dago. Gure errealitateari erantzungo diogu.

Esate baterako, Madrilen irizpidea erlijio katolikoa irakasgaia izatea da eta zure sailarena, balio orokorragoak irakastea. Badago gaitasuna Jaurlaritzaren irizpidearekin jokatzeko?

Gure bidea egiteko zirrikituak bilatzen saiatu behar dugu. Erlijioaren kontuan, balioetan oinarritutako heziketa irakasgai batera mugatzea, eta horri erlijio deitzea, oso ikuspuntu murriztailea da. Balioetan hezitzea gizon-emakumeen berdintasunean, ingurumenarekiko errespetuan, giza eskubideen errespetuan, herri eskubideen errespetuan… hezitzea da.

Aznarrek Kongresuko azken eztabaidan Kalitatearen Legea aipatu zuen legealdiko merituen artean.

Izena bera ere izugarrizko gezurra da. Kalitatearen legea deitzea era horretako inposaketa bati, izugarria da. Madriletik erreforma bat inposatu dute, berdina erkidego guztientzat, kontuan hartu gabe errealitate desberdineko herrialdeak daudela Espainian. Eta erreforma guztiz atzerakoia da. Guk ez dugu hartuko guretzat gure hezkuntza sistemari komeni ez zaion ezer. Gure pausoak ematen joango gara, gure beharren arabera.

Kalitatearen Legea EAEn ez dela ezarriko esan nahi duzu?

Aldaketa batzuk onak badira gure sistemarentzat, har daitezke, baina kaltegarriak diren aldaketak, ez. Gure herrian gaude, gure esparruan, gure diruarekin, eta hezkuntzak gure gizartearen beharrei erantzun behar die.

Imanol Murua Uria / berria.info

Jatorria: Anjeles Iztueta