Aliantza Libre Europarreko europarlamentariek Estrasburgoko Osoko Bilkuran onartu den europar hauteskundeen legeari egindako moldaketak gogor kritikatu dituzte. Eusko Alkartasuna ALEko kidea da, Europako estatu gabeko nazioak, eskualdeak eta minoriak ordezkatzen dituen alderdia.

Onartutako aldaketak europar baloreen guztiz aurka doazela argi utzi dute, izan ere, Europar Parlamentuan ordezkaritzarik gabe utzi ditzakete milioika hiritar.

Eztabaidaren muinean alderdi txiki edo estatuaren lurralde guztian aurkezten ez diren alderdiei eragiten dien aldaketa dago: gutxiengo ordezkaritza izateko, %2tik %5era igo dute bozken atalasea. Neurri hau 35 europarlamentaritik gora duten Estatukideei aplikatuko litzaieke, Espainia eta Alemania izanik praktikotasunean aldaketak jasango dituzten estatuak.

Europar Parlamentuak onartutako lege erreformak aldeko 397 bozka izan zituen, aurkako 207 eta 62 abstentzio.

ALE talde parlamentarioko buru eta ERCko eurodiputatu Josep-Maria Terricabrasek hurrengo adierazpenak egin ditu:

“Guztioi damutuko zaigu europar demokraziaren baitan egin den atzerapauso hau, erabaki honek Europar parlamentuan hain garrantzitsua den aniztasun politikoa ahultzen baitu. Nola nahi dute gero herritarrak Europar sentitzea, ordezkaritza ezberdinak lortzeko aukerak murrizten badizkiete?”

“Egun Europar Parlamentuan dauden talde gehienak beraien interesen alde egin dute, gabezia demokratikoan sakonduz, gizarteak aurkakoa eskatzen duen bitartean. Soilik betiko alderdi handiei dakarkio onurarik aldaketa honek, Europar Parlamentuan ahots eta ikuspuntu ezberdinak isildu eta itsutzeko arriskuarekin.”

“Era berean, guztiz etsitua nago hautetsien arteko genero berdintasunaren alde ez direlako neurri zehatzak hartu.”

“Espainiaren neurriko estatu batek bere aniztasun politikoa islatzen duen hauteskunde legea beharko luke eduki, eta ez errealitate ezberdinak ukatzen dituena”.