Covidak sortutako krisi ekonomikoaren ondorioz egindako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetatik behin betiko Enplegu Erregulazio Espedienteak eta kaleratzeak atera ez daitezen lan egiteko eskatu dio Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak Estatuko Gobernuari. ABEEEak “pandemiaren ondorioak arintzeko” lagungarriak izan direla aitortu du Bidegurenek, baina “azkenaldian iragarri diren kaleratzeak ikusita, ez dira nahikoa”.

Senatura eraman du Bidegurenek kaleratzeak iragarri dituzten hainbat euskal enpresen egoera, -Tubacex, ITP, Aernova, Alestis, Matricerías Deusto, GTs, Valvospain eta Kelvion, adibidez: “Pandemiak sortutako nekearen gainean jartzen den drama ekonomiko eta soziala da”. Lan arloan egoera “tamalgarria da eta neurri eraldatzaileak behar ditu”, adierazi du senatariak Yolanda Diaz, Lan ministroari egindako galderan.

Bidegurenek “onartezintzat” jo du irabaziak dituzten enpresek, diru publikoko laguntzak jaso dituztenak eta EBEEEi esker soldata kostuak aurreztu dituztenak EEE eta kaleratzeak bezalako neurriak iragarri izana. Hala, senatariak esan du premiazkoa dela horrelakoak saihesteko erabakiak hartzea, “lan-harremanak giza neurrira egitea, lan-merkatuaren anomaliak zuzentzea eta enplegu egokiaren alde egitea, eta, horretarako, zaharkitutako errezetak atzean utzi behar dira”.

2012ko Lan Erreformak ez duela egungo egoerarako balio uste du senatariak, eta adibidea jarri du: “EEE kasuetan, Lan Ikuskaritzaren kontrako iritzia izan arren -horretarako egiturako arrazoirik ez dagoelako, enpresak du beti azken hitza”.
Bideguren
Era berean, Espainiako Estatuan birusarekin elkarbizitzea erabaki izana kritikatu du, Australian adibidez hautatutako Covid zero estrategia baztertuz; “Osasun eta ekonomia arloetan eraginkorragoa dirudi; izan ere, pandemia zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta zailtasun handiagoak egongo dira ekonomia suspertzeko”.