Lazo moredun arduradun politiko eta instituzionalen argazkiak ohikoak dira azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean. Hori ondo dago, plazaratu eta ikusarazi behar den aldarrikapen garrantzitsua baita. Arazoa egutegian morean markatutako egun baten aldarrikapena urte osoko lanarekin bat ez datorrenean sortzen da.

Emakumeen aurkako indarkeria erabat presente dago euskal gizartearen bizitzan; zeharkakoa eta ohikoegia da, eta, hala ere, oraindik ez dugu jatorria ulertzen. Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera aztertzeko egindako “Emakumeen aurkako indarkeria Euskadin: Gizarte-pertzepzioa eta jarrerak” azterlanaren arabera, oraindik ere asko dira alkohola eta drogak indarkeria matxistakoren atzean dauden faktoreak direla uste dutenak. Eta gezur ugari mantentzen direla ere argi erakusten du txostenak: salaketa faltsu ugarien kontua edo fenomeno hori emakume etorkinei bakarrik edo gehienbat eragiten diela. Zein gutxi ezagutzen dugun gure bizitzetan hain presente dagoen indarkeria!

Emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoi bakarra gizartean txertatutako egiturazko matxismoa da. Ez dugu matxismoa garaitzea lortu eta edozein aukera baliatzen du indartzeko. Izan ere, pandemiak utzi duen errealitateetako bat da horren ondorioak askoz ere gogorrak izan direla emakumeentzat: lanaldi bikoitza nabarmenagoa egin da telelanarekin, indarkeria krudelagoa izan da konfinamenduarekin, azaleratu diren edo larriagotu diren gaixotasun mentalek eragin handiagoa dute emakumeengan,…

Kontzienziazioa zabalduz doala ezin da ukatu eta feminismoak ezin ordainduzko lana egiten du, baina erakundeen lana hobetu daitekeela egia borobila da. Eta ez dugu ahaztu behar -sozialdemokrata garen aldetik hala uste dugu-, aldaketak gizartean gertatzen direla, baina erakundeen neurriekin finkatzen direla. Erakundeak gainera eredugarriak izan behar dira bere eguneroko jardunean.

Populazioaren %50 baino gehiago emakume izateagatik egiturazko indarkeria pairatzen dutela herri askea eraikitzea ezinezkoa da. Indarkeria matxista desagerrarazteko lan egitea ere nazio eraikuntza da. Guk eraiki nahi dugun Euskal Errepublikatik, bai behintzat.

25N 2021