Eba Blancok ultra eskuinaren mehatxuaren aurrean batasun politikoaren buru izateko eskatu dio lehendakariari herri akordio baten bidez

Alkartasun Eguna, ospatu dugu Pasai Donibanen. Ostegunean Eusko Legebiltzarrean izandako Politika Orokorreko Osoko Bilkuran jorratutako gaiek markatu dute hitzordua.

Horren harira, Eba Blanco de Angulo idazkari nagusiak Pradales lehendakariarengana jo du berriro zuzenean, PSErekin Legebiltzarreko konfort gunea uzteko eskatuz, eta Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramaileak egin zion proposamena onartzeko. “Mehatxuari aurre egiteko batasuna, politika kooperatiboa eta herri programa bat proposatzen dizkiogu”, laburbildu du buruzagi abertzaleak. “PP eta VOX Espainia gobernatzera iristen badira, hemen askoz okerrago biziko gara. Eskubide indibidualak galduko ditugu, eta kolektiboak nazio gisa. Lehendakariak badaki, denok dakigun bezala. Esan dugu ultra eskuinaren ofentsiba honen aurrean daukagun tresna politiko indartsuena eskubide indibidual eta kolektiboak bermatuko dituen Euskal Estatua artikulatuko duen estatus berri bat adostea dela. Hemen ultra eskuinaren balioen balio kontrajarriak ditugu. Haien antipodetan gaude”, azaldu du Blancok. Agintariak azaldu duenez, aro aldaketa baten erdian, garai ilunak aurretik eta ultra eskuinaren mehatxua estatuko gobernuaren atea joaz, “ezohiko irtenbideak eta bi alderdien arteko gehiengo absolututik harago doazen gobernu kolaboratiboak aurreikusten dituzten neurriak behar ditugu. Beti esan dugun bezala, gure babes osoa desberdinen arteko herri akordioetarako”.

Alkartasun Egunaren alde ludikoan, eguna Albaola Itsas Kultur Faktoriara egindako bisita kulturalarekin hasi da. Ondoren, Pasai Donibanera joan dira bertaratutakoak ekitaldi nagusia jarraitzeko. Santiago plazako karpetan Oarsoaldea eskualdeko erronkei buruzko solasaldia egin dute Ander Goikoetxea Arana legebiltzarkideak, Idurre Bideguren Gabantxo senatariak eta haritz Perez Martinez Gipuzkoako batzarkideak, hirurak EH Bilduko hautetsiak. Ondoren, eskualdeko afiliazioak omenaldia jaso du bere konpromisoagatik. Bereziki bi figura erreferentzial izan ditugu gogoan: Roberto Lopez de Etxezarreta Murgiondo eta Imanol Anza Etxegoien. Eta nola ez, joan den maiatzean zendu zen Carlos Garaikoetxea Urriza lehendakariaren figura presente izan da Santiago plazako jarduera guztietan, kartel berezi batekin, eta parte-hartzaileen hitzaldietan erreferentzia ugarirekin.

Plazan bertan egindako bazkari batekin amaitu da jardunaldia, Galder Agudo Bezi Gazte Abertzaleakeko idazkari nagusiaren eta ERC, BNG, Chunta Aragonesista eta Nueva Canarias alderdietako nazioarteko ordezkarien hitzaldiekin bazkalondoan. Andoni Ollokiegiren zuzeneko musikarekin amaitu da aurtengo Alkartasun Eguna.

Taldea 1