Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta gizarte justizia lortzeko tresna oso estimatua da Eusko Alkartasunako militanteen artean, Eusko Jaurlaritzako gure kideei zor diegulako ziurrenik. Horregatik, bereziki sentitzen dugu DSBE alderdikeriaren eztabaidan eta murrizpenei lotuta ikustea.

EAJ, PSEren baiezko akritikoarekin, aurrekontua gehien behar dutenei ematen zaizkien zerbitzuetatik murriztea erabaki du. Ertzaintzaren lanpostuengatik edo funtzionarioen ordutegiarengatik Madrileko Gobernuarekin borroka plantak egiten duen EAJ bera da Lanbide arteko Gutxieneko Soldata aldatzen duen estatuko legea onartzen duena, DSBE berriro murrizteko helburuarekin.

Duela bi legegintzaldi, Patxi Lopez Ajuria Enean zela, PSEk DSBE bizirauteko kobratzen duten pertsonek jasotzen dutena %7an murriztu zuen. Iragan legegintzaldian berriz, EAJk ez zuen egoera horri buelta eman nahi eta orain beste buelta bat eman dio DSBE LaGSrekin lotzen duen euskal Legeari muzin eginez.

Madrilgo Gobernuak LaGSa igotzea urrezko aukera eman dio Lakuari PSEk murriztutako %7 hori orekatzeko. Baina, hori egin beharrean, murrizketa berria gehitu du, %8akoa.

Eta galdera honakoa da: erabaki hauek hartzen dutenek DSBErekin kobratzen denarekin duintasunez bizitzeko gai izango lirateke? Izan ere, horixe da giltza: DSBE aberastasunaren banaketarako eta pertsona guztien bizitza duinerako tresna izatea.

Erabakitzeko euskal esparruaren alde eginda, EAEn lege propioa izanda, espainiar legea hautatzearen hipokrisiari buruz hitz egin dezakegu ere. Baina DSBEri buruz hitz eginda, azken eusko jaurlaritzek egin dituzten murrizketei buelta ematea da garrantzitsuena.

Hori eta PPren diskurtso xenofobo eta klasistan ez erortzea ere. Izan ere, DSBE kobratzen duten pertsonak alarguna den gure auzokidea bezalakoak dira, kontratu zaborra duen hogeitaka urteko iloba bezalakoak, lan egiten zuen lantegia itxi zutenetik langabezian hiru urte eman dituen lagun hori bezalakoak, hemen edo han jaio badira ere.

Lehentasunak argi izanda, beldurra ematen du EAJk hartu duen bidea, hilabete gutxitan Eusko Jaurlaritzak DSBEri buruz hausnarketa egiteko dokumentua igorri behar baitu Legebiltzarrera. Eta aurrekariak ez dira onak.