ETAk gaur publiko egin duen agiriak Bruselako Adierazpena eta Gernikako Akordioaren sinatzaileek egindako eskaerari erantzuten diola esan du Eusko Alkartasunak eta horri esker, gaur “euskal agertoki politiko berria zertxobait sendoagoa da eta euskal gizartea seguruago doa behin betiko bakerantz eta normalizazio politikorantz”.

ETAk gaur publiko egin duen agiriak Bruselako Adierazpena eta Gernikako Akordioaren sinatzaileek egindako eskaerari erantzuten diola esan du Eusko Alkartasunak eta horri esker, gaur “euskal agertoki politiko berria zertxobait sendoagoa da eta euskal gizartea seguruago doa behin betiko bakerantz eta normalizazio politikorantz”.

Agiria baloratzeko egin du komunikabideen aurrean agerraldia Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari Nagusiak, Ikerne Badiola, Komunikazio idazkaria, eta Maiorga Ramirez, Ejekutiba Nazionaleko bozemailea lagunduta. Ejekutiba Nazionalaren bilera eta gero izan da prentsaurrea eta bertan deia egin dio Madrilgo Gobernuari Urizarrek “egoera berriari horren araberako erabakiekin erantzuteko”.

Honakoa da Pello Urizarrek komunikabideena urrean egindako diskurtsoa:

ETAren agiria urrats erabakiorra da Euskal Herrian indarkeriaren zikloa amaitzeko eta etapa berri bati hasiera emateko, etapa bat non jarduera politikoa tresna bakarra izango den helburu ideologikoak lortu ahal izateko.

ETAk erantzun die Bruselako eta Gernikako Adierazpenek egindako eskakizunei, eta konpromisoa adierazi du armen bidearen amaierarekiko. Bi adierazpenek, euskal gizartearen gehiengo zabalak bezalaxe, su-eten iraunkorra eta egiaztagarria iragartzeko eskatu zioten, eta su-eten hori iritsi da.

Behin eta berriz esan dugu, nekatu arte: ETA ez da eragile politiko bat eta Euskal Herrian egoera politikoa herritarren ordezkarien ekintzek zehazten dute, ez ETAk, baina egia da izaera orokorra duen su-eten bat iragartzeak, fronte guztietan, eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko konpromisoarekin batera, arnasa ematen diela gizarte osoari eta, bereziki, oraindik indarkeriaren itzala bizkar gainean sentitzen zuten pertsonei. Gure herriarentzat aukera historikoa da, eta Eusko Alkartasunak, kolektibo subiranistak eta euskal gizarteak ez dugu utziko aukera hori alferrik galtzen.

Gaur ezagutu dugun agiria beste urrats bat da duela hilabete batzuk hasitako bidean eta prozesu luze baten emaitza da; politikak ekimena hartu du eta nazioarteko eragile batzuen parte-hartzea lagungarria izan da une honetara heldu ahal izateko. Agiriak bide armatua behin betiko uzteko ETAren borondatea islatzen du; ondorioz, gaur esan dezakegu Gernikako Adierazpenak bakea eta normalizazio politikoa lortzeko zehaztutako baldintzak betetzeko bidean daudela.

Horrela, gaur esan dezakegu euskal agertoki politiko berria zertxobait sendoagoa dela eta euskal gizartea seguruago doala behin betiko bakerantz eta normalizazio politikorantz.

Orain garrantzitsuena euskal gizarteari zabaldu zaion egoera da. Ordezkari politiko, sozial eta, noski, instituzionalok arduraz jokatu behar dugu agertoki politiko berri baten behin betiko oinarriak ezartzeko aukera ez galtzeko, agertoki bat non indarkeria iraganeko amesgaiztoa izango den eta pertsona guztien giza eskubide eta politikoak errespetatuko diren.

ETAren agiriak, Gernikako Akordioari emandako erantzunak, hain zuzen ere, azken hilabeteotan egin dugun lanaren balioa berretsi du eta lan horri eusteko gure konpromisoa adierazteko adorea ematen digu.

Euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen isla den Gernikako Akordioan exijitu zitzaiona bete egin du ETAk. Gernikako Akordioaren sinatzaile bezala, espainiar Estatuari eskatzen diogu denbora politiko berri honi egoera politiko berria sendotzen lagunduko duten neurriekin erantzun diezaiola. Horren harira, euskal gizarteak hartu beharreko bidea erakutsi du modu masiboan kalera atera den azken bi aldietan, presoen eskubideen errespetua eskatzeko, pasa den larunbatean, eta pertsona guztien eskubide guztien errespetua eskatzeko, urriaren 11n.

Estatuak egoera berriari horren araberako erabakiekin erantzun behar dio, eta erabaki horiek ezin dira gehiago atzeratu.

Jatorria: Eusko Alkartasuna